Axier Alonso: "Aurten, mendiko eskian jarri gura dut indarra"

Xabier Urtzelai 2020ko ots. 7a, 14:00

Axier Alonso skimo egiten.

Mendiko eskiko lasterketen denboraldia hasi duten honetan, Axier Alonsok (Oñati, 1988) Alemaniatik erantzun dio GOIENAko deiari. Berlingo feria batean lanean, Ulma Packagingeko teknikariak aste honetan ez du elurrik zapaltzerik izango. Baina izerdia bota beharko du, berdin-berdin.

Elurrik ez, baina entrenatzen jarraitu behar...

Korrika egiteko zapatilak ekarri ditut, eta 06:00etan irekitzen duten gimnasio bat ere aurkitu dut. Halaxe moldatu behar izaten dugu kanpora gatozenean; hemen egin beharreko entrenamendu saioak oso gustukoak ez ditugun arren, horiek ere egin behar izaten dira eta.

Garbi duzue babak ze eltzetatik ateratzen dituzuen, hortaz.

Ez izan zalantzarik. Mendiko eskia edo traila zaletasunak dira guretako. Eta zaletasun horiek seriotasun handiarekin hartzen baditugu ere, hori dira, zaletasuna. Garbi izan behar da hori, eta baita zerk ematen digun jaten ere. 

Dagoeneko hasi dituzue mendiko eskiko lasterketak. Ze asmo aurtengorako? Izan ere, Euskal Selekzioan zaude.

Bai. Iaz Euskal Herriko txapelketa irabazi nuenean hautatzaileak esan zidan aurten nirekin kontatuko zuela, eta, egia esan, mendiko eskian jarri gura dut indarra. Hori horrela, nahiz eta lasterketa batzuk egingo ditudan, trail denboraldia sakrifikatu egingo dut, ezinezkoa da-eta denboraldi osoan sasoian egotea. Gainera, oso nekatuta amaituko nuke.

Horrenbestez, mendi lasterketetan ez zaitugu Euskal Selekzioarekin ikusiko?

Konpromisoa hartzen badut, betetzeko da, eta mendiko lasterketetako Euskal selekzioarekin lasterketa guztietara joateko prest ez banago zintzoagoa da lekua beste korrikalari bati uztea, erabat motibatuta egongo den horri. Egia da pena ere ematen didala, oso talde polita sortu dugulako selekzioaren bueltan eta ederto ibiltzen garelako. Baina urtea asko luzatuko zitzaidan, eta lehen esandako moduan, lehertuta amaituko nukeen. Nire kabuz joango naiz lasterketa batzuetara, baina konpromiso barik.

Mendiko eskiko denboraldia prestatzeko, udazkenean hasiko zenuen prestaketa lana...

Urrian hasi nintzen Oñatin roller-arekin entrenatzen, mendiko bizikleta egiten, teknika lantzen... Hala, nahiko goiz bota zituen lehen elurteak eta astebururo Pirinioetara joan izan naiz. Gabonetan ere oporraldi luzea izan nuen eta Pirinioetan eman nituen hiru aste. Gabon Zahar gaua, esaterako, berezia izan zen, Goriz-ko (Ordesa) aterpean egon ginen-eta hainbat lagun.

Etxeko lanak, horrenbestez, aurreratuta dituzue dagoeneko.

Martxoa izango da hilabete potenteena, Grande Course txapelketako lasterketak hor pilatuko zaizkigulako –Pierra Menta, Altytoi eta Tour du Rutor–, baina dagoeneko lau lasterketa inguru egin ditugu, eta datozen asteburuetan ere lasterketak izango ditugu. Egia esan, mendiko eskiko denboraldia mendi lasterketetakoa baino gogorragoa egiten da, bereziki kilometro asko egin behar direlako errepidean. Zoritxarrez, gurean ez dago elurrik, eta elur bila joan behar izaten dugu.

Eta, zer moduz orain arteko lasterketetan?

Ondo, pozik nago. Peyresourden (Pirinioak) egin genuen lehen lasterketa, abenduan, eta kilometro bertikalean hirugarren izan nintzen, eta bakarkakoan zazpigarren. Gero, Candanchun gauez egindako lasterketan bigarren sailkatu nintzen. Espainiako Kopan, Boi Taull-en (Lleida), kilometro bertikalean 14. izan nintzen eta bakarkakoan 15. postuan amaitu nuen, pozik amaitu nuen.

Joan den astean jokatu zuten, Candanchun, Euskal Kopako lehen proba. Eta Euskal Selekzioko deialdian zeunden.

Bai, baina egun batzuk lehenago gastroenteritis batek jota utzi ninduen. Azken ordura arte zain egon nintzen, ea errekuperatzen nintzen, baina erabaki zuzena hartu nuen; taldekideak animatzen egon nintzen.

Aitor Ugarte aramaioarra ere Euskal Selekzioarekin lehiatu zen, eta junior mailan bigarren sailkatu.

Motor galanta duen kirolaria da Aitor, eta mendiko eskirako gauza bat du ona, gaztetasuna. Mendiko eskian esperientzia pilatu behar da, teknika landu, aldaketak ondo egiten ikasi... eta horretarako denbora behar da. Bada, pentsa Aitorrek zenbat egin dezakeen aurrera... [

Zu non moldatzen zara hobeto, mendi lasterketetan ala mendiko eskian?

Emaitzei erreparatzen badiegu, mendi lasterketetan hobeto moldatzen naiz. Gaztetan, mendiko eskia egiten nuen, baina berandu hasi nintzen lasterketetan parte hartzen, eta oraindik asko dut ikasteko, bereziki teknikari dagokionez.

Horregatik aukeratu duzu aurten mendiko eskia?

Mendian inguru alpinoan ibiltzea atsegin dut nik, eta mendiko eskiak hori ematen dit. Kontrara, mendi lasterketa batzuetako parajeak ez zaizkit erakargarriak egiten, halakoetan gehiago kostatzen zait motibazioari eustea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak