Paperetik digitalera pasa dituzte 29 kantu-liburu

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ots. 1a, 08:44

Bidaurreta eta Santa Ana komentuetan, Araotzeko eta Oñatiko elizetan eta Arantzazuko santutegian gordetzen zituzten XV. eta XX. mende bitartekoak dira digitalizatu dituztenak, "beraien bizia luzatzearen aldeko asmoarekin".

2019. urtean zehar, Xabier Ugarte, Joxe Fernandez eta Juanjo Iturrioz –Donosti Ereski gregoriar scholaren izenean– izan dira digitalizazio-lan hau burutu dutenak. "Inprentarekin, batik bat, liburu eder eta izugarri hauek, sortzerako horrenbeste lana behar izan zutenak: ahaztuak, zokoratuak eta baztertuak geratu ziren. Denborak kantu liburu hauetako asko irentsi egin ditu, pipiak janda, hezetasunez hondatuta eta gizakiaren aldeko tratu txarra jasota: panderoak eginez, lanpara tulipak... Egoera honetaz jabetuta, eta gure kultura-ondasunaren zati garrantzitsu bat zela ikusita, Oñatiko hainbat liburu digitalizatzea erabaki genuen, beraien bizia luzatzearen aldeko asmoarekin. Digitalizazioak dokumentu horien babesa eta iraupena bermatzen duelako eta, horrez gain, haien atzipena izugarri errazten denez, edukia ere hedatzen du", dio hirukoteak.

Belaunaldiei transmititzeko

Gure arbasoengandik jasotako ohiturak, kantak, objektuak, historiak eta antzerakoak, "gure kultura-ondarea osatzen duen hori guztia kontserbatzera behartuta gaudela" uste du hirukoteak, "hurrengo belaunaldiei transmititzeko". Eta horregatik egin dute hau. Eta gaineratu: "Kultur ondare arkitektonikoa, arkeologikoa, industriala eta paisaia-ondarea begi bistakoak izanik, badugu hori guztia kontserbatzearen aldeko kontzientzia sozial nabarmen bat. Bestelako kontsiderazioa izan dute ikusezin geratu diren beste ondare material batzuek: artxibategietan (kasu onenean) eta eliz-komentuetan dauden kantu-liburuak, adibidez, musika izan ala ez. Ahaztuak, baztertuak eta kontserbaziorako inongo instituzio-laguntzarik ez dutelako, egoera larrian daudenak".

Lehengo lana baloratuz

Orain hondatuta ikusten diren dokumentuen eta libururen sorreran lan handia egon zela gogorarazi dute oñatiarrek: "Erdi Aroan sortutako gregoriar kantak, lehenik ahoz-belarriz ikasiz mantentzen zirenak, halako batean kantu-liburuan biltzen hasi ziren. Liburu bakoitzak izugarrizko lana zekarren" eta "era guztietako artisauak" behar zirela diote horrelako kantu-liburuak egiteko. Lana bukatuta, digitalizatutako kantu-liburuak euskarri digital batean eraman gura dituzte jatorrizkoak gordeta egon diren egoitzetara. Eta horixe egingo dute datozen egunetako batean. Hiru egileak elkartuko dira eta eskura entregatuko dizkiete digitalizatutako materiala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak