Udal Gobernua "pozik" orain arte egindako lanagatik eta proiektuak aurrera doazelako

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 31a, 12:28

Udal Gobernuko kideak mahaiaren bueltan. (Irudia: Oñatiko Udala)

Agintaldiko lehen zazpi hilabeteetan instituzioa barrutik ezagututa, proiektuen lanketan sartua dagoela adierazi du udal gobernuak, orain arteko lanen errepasoa eginda. Herritarren ekarpenekin sorturiko proiektu sortaren lanketarekin diharduela dio.

Ekainaren 15ean egin zen alkate-makilaren esku aldatzetik zazpi hilabete pasa dira eta agintaldiaren orain arteko ibilbidearen "balorazioa positiboa" egin du astean Udal Gobernuak. "Martxa onean goaz. Talde sendoa daukagu, lanerako gogoz dabilena. Serioski heldu diogu instituzioa barrutik ezagutzeko zereginari, hurrengo urratsak egiteko ezinbesteko izango zaigunaz jakitun. Hori eginda, aspaldi hasi ginen hainbat proiekturen aurrelanketarekin, eta jada gauzatu ditugu horietako batzuk", adierazi du prentsa oharrean Izaro Elorza alkateak.

Hainbat proiektu

Alkateak dio aurreko agintalditik martxan ziren beste zenbait egitasmorekin ere badihardutela; kiroldegiaren eraberritzearekin, Natur Eskolaren birgaitzearekin, kaleko argiteria al-datzearekin eta jolas-parkeak egokitzearekin, adibidez. Esku artean dituen egitasmoen berri ere eman du Udal Gobernuak, eta dio, adibidez, Natur Eskolaren birgaitze lanen bigarren fasea esleitu dutela eta hilabete honetan hasiko dituztela lanak.

Hurretik egitasmoak jarraipena izango duela ere eman du aditzera Udal Gobernuak, orain arte LH1 eta LH2 mailetako ikasleendako sortutako unitate didaktikoak txertatzeko, tutoretza zerbitzua izango dute herriko hiru ikastetxeek. Beste zortzi unitate didaktiko berri ere landuko dira, LH3 eta LH6 maila arteko ikasleendako. Era berean, herriko ikastetxeen arteko ekintza bateratuak bultzatzen jarraitzen dutela ere gaineratu du. Eskola Bidea egitasmoaren barruan, berriz, bizikletaren eta patinetearen erabilerari buruzko datuak eta aholkuak biltzen dituen eskuorriak egin gura ditu.

Gazteen emantzipaziorako lagungarri liratekeen egitasmoak lantzen ari dela ere iragarri du, aurrekoez aparte. "Emantzipazio dirulaguntzen oinarriak egungo egoerara eta beharretara egokitzeko lanketarekin eta bestelako egitasmoak aztertzen" ari da, adibidez. Bestetik, herriko ikasleendako ikasketa guneen eskaintza zabaltzeko asmoa ere baduela esan dute Udal Gobernuko ordezkariek, eta horretan ari direla lanean.

Jarraikortasuna dutenak

Baina egiteko asmoa duen proiektuez gain, zazpi hilabete hauetan egin dituenak era aipatu ditu Udal Gobernuak, baita lehendik martxan zeudenetako batzuei segida ematen ari dela. Horietako bat da, esaterako, Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra. "Herritarren ekarpenak jasotzeko zenbait saio antolatu dira, euren proposamenak planean txertatuz. Bestetik, lanketa sakonean murgildurik da Gobernantza eta Parte Hartze araudia. Bada, idatzia dago behin-behineko dokumentua, herriko eragileekin kontrastatua eta haien ekarpenak jasota. Ekarpenok kontuan izanda idatziko da behin betiko dokumentua", dio oharrak. Partaidetza prozesuan jasotako batzuk gauzatu direla ere badio: Olakuako kirol pista egokitzea, komun publikoak eta zaborrontzi kopurua gehitzea.

Udal Gobernuak dio arreta berezia duela jarrita berdintasunaren alorrean eta "urrats sendoak egiteko konbikzioz" diharduela. Horren adibide aipatzen ditu indarkeriaren aurrean laguntzak emateko egindako protokoloa eta Selma Huxley Barkham bekari jarraipena ematea. Herriko enpresekin eta ostalaritza sektoreko ordezkariekin egindako bilerak eta martxan jarritako merkataritza biziberritzeko plana ere aipatzen ditu orain arte egindako lanen artean. Ingo Xonau!, BiziPoz eta Poz egitasmoek jarraipena izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak