Alberto Alonso: "Lan-heriotza bakarra gerta ez dadin lanean gabiltza"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko urt. 31a, 17:00

25 urte bete zituen Osalan Euskadiko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutuak 2018an. Alberto Alonso oñatiarrak zuzentzen du erakundea 2016tik, agintaldi hasieratik. UGTtik heldu zen Osalanera.

Iazko ezbehar kopuruaren eta gaixotasun profesionalen berri eman duzue oraingo astean. Euskal Autonomia Erkidegoan 30 langile hil ziren lan istripuetan. Asko dira?

Heriotza bat nahikoa da esateko asko dela. Bizi garen gizarte aurreratu honek ezin du onartu lanean heriotza bakar bat ere gertatzea. Egia da, edozelan ere, egoerak ez daukala zerikusirik 1990eko hamarkadarekin. Orduan, urtero, 90 bat lagun hiltzen ziren lan istripuen ondorioz. Hortaz, joera da geroago eta lan istripu gutxiago egotekoa, eta hori datu positiboa da, baina 30 heriotza larregi da. Bakarra gerta ez dadin lanean gabiltza.

Ze sektoretan gertatzen dira istripu gehienak?

Ez gara gisa horretako bereizkeriarik egitearen aldeko. Estereotipoak saiheste aldera. Sektore guztiek dute beren berezitasuna, guztiek dituzte arriskuak eta gaixotasun profesional bereziak; guztietan eragin behar da lanean egoki jarduteko. 

Erakunde publikoek, sindikatuek eta ugazaba edo arduradunok geroago eta kontzientzia handiagoa duzue gaiarekin?

Esango nuke baietz, datuek hori erakusten dute. Mila langileko ze intzidentzia izan den neurtzen dugu eta indize hori nabarmen beherantz doa. Horrek esan gura du denok egiten ari garen lanak eman duela bere fruitua. Denona da meritua. Hedabideek eta gizarteak oro har ere geroago eta kontzientzia handiagoa dute. 

Zein da Osalanen rol zehatza?

Arazoa gizartean pixkanaka-pixkana errotzen joan dadin ari gara lanean. Ez da lan administratibo hutsa. Ez da isunak jartzea edo ikerketa eta txostenak egitea bakarrik, hori baino gehiago da egiten duguna. Inportantea da berriro gerta ez dadin zer egin behar den zehaztea, enpresak aholkatzea, etorkizuneko erronkei aurre egitea… Ikerketa lan asko egiten ditugu etorkizuneko arazoak antzemateko. Beti goaz pauso bat aurretik.  

Izan ere, lanbide berriak ere ari dira sortzen…

Uber, Calify, Globo… horrelakoak bertan daude eta horietan lanean ari diren langileak nola babestu ikertzea ere badagokigu. 

Osalan aitzindaria da.

Bai; 1993an sortu zen eta, esaterako, Espainiako Gobernuak 1995ean jarri zuen indarrean Lan Arriskuen Prebentziorako Legea. Horrek erakusten du euskal gizarteak gai hauekiko daukan sentiberatasuna. Lan istripu guztiak aztertzen ditugu, larritasuna kontuan izan barik. 

Euskal Autonomia Erkidegoa agertzen da lan absentismo handienetakoen artean. Zergatik da?

Kontu hori ez dagokio Osalani. Dena den, oso gai konplexua da. Eta, sarritan, zaku berean hainbat gai sartzen dira. Esaterako, estatistika horietan, lan sindikala egitearren hartutako baimenak edo amatasuneko bajak batzen zaizkie laneko bajei, eta hori ez da zuzena. Gainera, argi: laneko bajei buruz dihardugunean, langileen osasunaz eta medikuek ziurtatutako bajei buruz ari gara. Hortaz, aztertu beharrekoa da laneko baja asko badaude hori zergatik gertatzen den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak