"Bi sari zoragarri dira, filmak izan duen ibilbidea osatzera datozenak"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 26a, 14:25

Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi eta Jon Garaño atzo Malagan, Goya sarietan (Argazkia: Goya sariak)

Horixe adierazi berri dio Aitor Arregi zuzendari oñatiarrak GOIENAri, pozik, atzoko Goya sarien ekitaldia eta gero. "Soinuaren sariak ilusio berezia egin digu. Lan izugarria egin dute. Eta aktore onenarena jasotzean ere hunkitu egin gara, beste hautagaiak ikusita ez zen sari erraza-eta".

Hamabost izendapenetatik bi sari jaso dituzte: "Bi Goya Sari izan dira. Izan ahal ziren gehiago, baina baita gutxiago ere. Eta oso pozik gaude, bai", dio La Trinchera Infinita filmeko zuzendari oñatiarrak. Lagunekin, senideekin eta lankideekin ospatu dituzte sariak ekitaldi osterako prestatuta zuten festan. "Ondo ospatu dugu, bai. Badugulako zer ospatua".

Aitor Arregiren kuadrillako hainbat zapatuan Malagan.

Aparteko ilusioa egin dien bi sari

Lortutako bi sarien gainean, ilusio berezia egin dietela adierazi du Arregik: "Soinuarena Handia-k ez zuen lortu, duela bi urte, eta pena horrekin gelditu ginen. Orain lortu dugu eta oso pozik gaude, pelikula ikusi duenak badaki zer nolako lana egin duten, izugarria. Eta aktore onenarena ere ez zen sari erraza: Marta Nieto, Greta Fernandez eta Penelope Cruz ziren beste hautagaiak. Nietok sari asko jaso ditu lan horregatik, eta ez genuen oso argi hor zer pasako zen. Eta oso oso pozik gaude Belen Cuestaren sariarekin, bai, hunkigarria izan da".

Goya Sarien ekitaldiari buruz, Dolor y Gloria filmaren gaua izan zela onartu du Arregik. "Bagenekien aukera asko zituela, aukera gehienak berak zituela, normalena hori zela. Baina gure film honekin hemen egotea eta ikusita estreinatu dugunetik hona bitartean izan duen harrera eta egin duen ibilbidea, ikuspuntu horretatik ikusten baditugu bi Goya Sari hauek, bi sari zoragarri dira, filmak izan duen ibilbidea osatu egiten dutenak".

Arregik gogorarazi du dagoeneko 23 sari jaso dituela La Trinchera Infinita-k, besteak beste, Donostia Zinemaldia, Forque Sariak eta Asecan. "Ikuspuntu horretatik begiratu behar da, pentsatu gabe Goya Sarietan jokatzen dela guztia; izan ere, film honen istorioa Donostia Zinemaldian hasi zen. Eta oraindik bere ibilbidea egingo du eta beste poztasun batzuk ere irits daitezke". Eta oso pozik daudela berretsi du: "Esperientziak laguntzen du lortutakoa balioan jartzen, onak balioan jartzen, beti kontu tristeekin geratu barik. Atzo bi Goya Sari genituen eskuartean, hori ospatzekoa zen eta oso ondo ospatu genuen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak