Belen Cuestak filmean egindako lana saritu du Espainiako Zine Akademiak eta hari eman diote aktore onenaren Goya Saria. Oso hunkituta agertu da andaluziarra, baita eskertuta ere. Lehen besarkada hiru zuzendariei eman die saria jasotzera igo aurretik.
Soinu onenaren saria ere eman diote La trinchera infinita filmari eta hori jaso du honako laukoteak: Alazne Ameztoi, Iñaki Diez, Xanti Salvador eta Nacho Royo-Villanova. Hauek ere hunkituta agertu dira saria jasotzerakoan eta behin eta berriz eskertu dituzte hiru zuzendariak.
Almodovarren 'Dolor y Gloria'-k sari potoloenak
Pedro Almodovarren Dolor y Gloria eta Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra filmek zeresana emango zutela jakinekoa zen, eta Almodovarrena zegoen faboritoen artean. Hain zuzen horrek jaso ditu film onenaren, zuzendari onenaren eta aktore onenaren -Antonio Banderas- sariak, eta guztira zazpi.
Amenabarrenak bost Goya eskuratu ditu; Benito Zambranoren Intemperie filmak bi; O que arde galiziarrak beste bi; eta banarekin geratu dira besteak beste Galder Gaztelu-Urrutia bizkaitarraren El hoyo; La hija de un ladron; eta Quien a hierro mata.