Goya sariak eskualdera hurbiltzeko esperoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urt. 25a, 09:18

Hamabost izendapen ditu Aitor Arregi oñatiarraren Moriarti lantaldeak La trinchera infinita-rekin, eta "ilusioz eta aurrekoan baino lasaiago" daude gaurko: Malagako Martin Carpena jauregian egingo dute, 22:00etan hasita, sari banaketa ekitaldia.

Hitzaldi, elkarrizketa eta sari banaketa artean egin du astea Aitor Arregiren lan-taldeak; Madrilen, Donostian eta Jaenen izan dira, eta gaur, Malagarako bidea hartuko dute. Bigarrenez izango dira Goya sarietan, eta aurrekotik ikasita doazela dio Oñatikoak: "Pozik gaude, gauza eder moduan bizi dugu; sari-banaketaren funtzionamendua eta bestelako batzuk ezagutzeak asko lasaitzen du". 

Handien artean, harro

"Ilusio handiarekin" daude biharko, eta, hamabost izendapen edukita, gala "dibertigarria eta bizia" izango dela dio. Aitortu du Pedro Almodovar ikusten dutela indartsuen: "Bera da faboritoena, baina hor dago Amenabarren Mientras dure la guerra ere, berak ditu izendapen gehien. Badakigu zein den gure lekua Goya hauetan, eta, sentituz diot, film handi horien artean egotea dela guretako oparia, eta baita filmak eman digun guztia ere".

Imanol Gallego (Zine kazetaria): "Sari handiena, egindako bidea"

Azken urteetan moduan, lagunekin afaldu eta hiru modutara jarraituko dut gala: mahaikideekin komentatzen, sare sozialez beste batzuekin, eta, noski, telebista piztuta. Gertuko filmak daudenean adiago jarraitzen dut, eta prest dut dena zapatuan txiokatzeko.

Moriartikoentzako nahi nituzke sari nagusiak, baina Pedro Almodovar oso indartsu ikusten dut nik ere. Akademikoak arlo askotako zinemagileak dira eta botoa ematerakoan laguntasunak daude. Ekoizleen Forque sarietan La trinchera infinita-k jaso zuen film onenarena, baina Kazetarien Feroz sarietan, Dolor y gloria-k; hala ere, sariak sari, ez dut uste emaitza txarra denik sari nagusi barik etxeratzea, egindako bidea da garrantzitsuena.

Hiru film nagusi daude eta horregatik zaila izango da besteek askorik lortzea; halakoetan, izen berak asko errepikatzen dira.

Aitor Abaroa (Zine aditua): "Almodovar, aurkari gogorra"

Aspergarria iruditzen zait gala; Oscar sariena, berriz, ikusten dut. Twitter bidez jarraituko dut komentatu dena eta diskurtsoak gero.

Izugarria da beste behin Moriartikoek lortu dutena, baina Pedro Almodovarren Dolor y gloria aurkari gogorregia iruditzen zait; batez ere, kanpoko faktoreengatik: nazioartean arrakasta handia; Antonio Banderas Oscar sarietan izendatuta; eta 2006tik Almodovarrek ez du saririk jaso. Beste sariak aipatuz, sorpresa eman dezake Vicente Vergarak –La trinchera infinita– aktore berri onenaren saria 50 urterekin irabaziz; hori bai, sari teknikoetan eskukada polita lor dezake Moriartik.

Galder Gaztelurrutiak –El hoyo– eta Aritz Morenok –Ventajas de viajar en tren– merezimendu handia dute zuzendari berri onenarena jasotzeko, baina Belen Funesek irabaziko du –La hija de un ladron–.

Aitor Biain (Kultura kazetaria): Ustekabeak egongo dira

Goya sariak ikusteko ohitura dut urtero, baita Oscar edota beste sariketa batzuk ere. Telebista bidez ikusten ditut, normalean, baina sare sozialen bitartez ere egiten diet jarraipena.

Aurten, oso lehia estua egongo da; zantzu ugarik erakusten dute Pedro Almodovarren gaua izango dela, baina ausartuko nintzateke esatera uste baino sorpresa gehiago egongo direla. Eta, ildo horretan, La trinchera infinita-k aukerak izango ditu; bada, Handia-rekin gertatu zenaren kontrakoa gerta liteke: kopuruz gutxiago lortzea, baina sari garrantzitsuagoak; horrez gain, aukera gehiago ere baditu, nire ustez; batez ere, soinuari eta argazkiari dagokionez.

El hoyo filmak indartsu ekin zion zine areto zein jaialdietan, baina esango nuke Ventajas de viajar en tren aurreratu egin zaiola eta saria lortzeko aukera gehiago dituela.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak