Urteko batzarra egin du goizean ENBAk eta batzarraren ostean eman dio 'Baserritarron saria' Nikolas Segurolari; bi urtean behin ematen den saria da. "Bere bizitza osoan artzaintza eta artzainen bizi eta lan baldintzak hobetzeko egindako lanagatik eta bereziki, azken urteotan euskal artzain gazteak hezteko abian jarritako Artzain Eskolaren sustatzailea izateagatik" eman diote saria.
Nikolas Segurolaren figuraren garrantziaren berri eman du ekitaldian Xabier Euzkitzek, 2016an Segurolari buruz argitaratutako liburuaren koordinatzailea, eta ondoren Gipuzkoako ENBAko presidentea den Iñaki Goenagak eman dio saria frantziskotarrari.
Urteko batzarrean, sindikatuko presidenteak, Iñaki Goenagak, hartu du hitza eta Familia Nekazaritza defendatu du euskal ekoizleentzat baina baita euskal gizartearentzat ere egokiena delako. "Familia Nekazaritza da defendatu eta egunerokoan egiten duguna, kalitatezko elikagaiak eta egurra ekoiztean gure ingurunea zaindu eta herri txikiak bizirik mantentzen ditugulako", esan du dio Goenagak.
Baserritarrak, lagunak, sektoreko eragileak eta herri agintariak (Mikel Pagola Urnietako alkatea, Imanol Lasa Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko diputatua eta Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea) hartu dute parte 11:00etan hasi den ekitaldian. Elkarteko eta ENARO kooperatibako diru kontuak ere onartu ditu ENBAk.