Pantxoa Carrere, Michel Ducau, Iñaki Dieguez, Pantxix eta Marie, Mattin Lerisa edo Maialen Errotabehere bezalako abeslarien lanaz gozatzeko aukera egongo da eta horiekin batera Oñatiko Juan Valls, Iñigo Arrazola eta Ander Etxaniz ere arituko dira. Ekitaldia borobiltzeko, Beskoitzeko eta Txantxiku ikastoletako haurrek abesti pare bat eskainiko dituzte. Emanaldiarekin, 2018an hil zen Manex Pagola ekarriko dute gogora, izan ere, premian dagoen Lapurdiko ikastolari laguntza aparta eskaini zion sorreratan.
Sarrerak salgai daude Txokolateixan eta Txantxiku Ikastolan. 0-5 urteko haurrek doan izango dute, 6 eta 18 urte bitartekoek 5 euro ordainduko dituzte eta beste guztiek 10 euro.
Bestetik, Beskoitzeko Ikastolaren aldeko ekimen hori indartzeko, otsailaren 7an, egubakoitza, Bergarako Aranzadik eta Oñatiko Txantxiku Ikastolak Elkartasun Krosak antolatu dituzte. Aranzadik Bergaran egingo du, Txantxikuk, berriz, Oñatin.
Premia duen ikastola
Lapurdiko Beskoitzeko Ikastolak, 2013an hasi zuen ibilbidea 3 ikaslerekin, herriko guraso batzuen ekimenez. Une honetan 39 ikasle dituzte eta duten erronka nagusia, ikasle horiei guztiei erantzuteko ikastola berria eraikitzea da.
Ez da Txantxiku Ikastolak eta Oñatiarrek premian dagoen iparraldeko ikastola bati laguntza eskaintzen dioten lehen aldia. 2010ean Ortzaizeko Ikastolaren aldeko ekimenean parte hartu zuen ikastolak eta Laixan elkartea desegin zenean, Seaskaren aldeko diru ekarpena bideratu zen. Hala, Beskoitzeko ikastolarengandik laguntza eskaera jaso zutenean, deiari erantzun behar zitzaiola garbi izan zuten.