Nortasuna, transmisioa eta auzolana izango dira Oñatzen 50. urteurrenaren ardatzak

Maialen Regueiro 2020ko urt. 18a, 15:01

Eguerdian, Oñatiko Udaletxeko pleno aretoan egindako aurkezpenarekin hasi du Oñatz Dantza taldeak 50. urteurrena. Ekitaldirako, gainera, 50 urte hauetan taldearen kide izandakoak elkartu dituzte. 

1970tik 2020ra

Julen Agirre, Oñatzeko kideak azaldu bezala, 50 urte hauetako ezaugarri nagusia transmisioa litzateke. Izan ere, belaunaldiz belaunaldi, taldeko kideen artean dantzak transmititzen joan dira gaur egun arte. Horrekin batera, 50. urteurrenaren hiru helburuak azaldu ditu Agirrek: "Lehen helburua gure nortasuna hauspotzea izango litzateke, dantzak kalera ateraz; bigarrena, aipatutako transmisioa litzateke eta azkena, auzolana, azken batean, bolondresen lanak ere garrantzia duelako gure historian". 

Gauzak horrela, nortasuna, transmisioa eta auzolana izango dira 50. urteurrenaren hiru ardatzak. 

Urteko egitaraua

50. urteurrenaren baitan, Oñatzek urteko egitaraua antolatu du eta hilabete bakoitzean gai bat jorratuko da. Urtarrilekoa, esate baterako, Oñatzen historian oinarrituko da eta horren harira, solasaldia egingo da urtarrilaren 22an, 19:00etan hasita, Gaztelekuan. Gauzak horrela, urteko gaietako batzuk, inauteriak, Korpus eguna edota haurren eguna izango dira. 

Udalaren eskertza

Izaro Elortza, Oñatiko alkateak ere hitza hartu du ekitaldian eta Oñatzi 50 urte hauetan egindako lana eskertu dio eta horrekin batera, dantza taldeko kideak orain arte bezala lanean jarraitzeko animatu ditu. 

Soka dantza

Prentsaurrekoa amaituta, Oñatzen 50 urteen historian parte izan diren 50 pertsonek soka dantza egin dute plazan eta herritar ugari gerturatu dira dantza ikustera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak