"Algararako, hausnarketarako eta tristurarako" uneak izan ziren Errege bezperako bertso saioan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 7a, 11:46
Beñat Lizaso bertsotan urtarrilaren 5eko saioan (Argazkia: Txinparta Bertso Eskolia)

Oñatiko Txinparta Bertso Eskoliak antolatuta egin da aurten ere urte hasierako bertso saioa eta gustura daude kideak saioak emandakoarekin: "bertsolari denek utzi dute ale ederren bat. Entzuleek barre ere egin dute".

350 entzule inguru batu ziren kiroldegian urtarrilaren 5eko bertso saioan. Sei bertsolari izan ziren bertsotan, Gipuzkoako bertso txapelketako finalera heldu ziren zortzietatik sei: Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso. Gai jartzaile lanetan, berriz, Oñatiko Txinparta Bertso Eskolia. "Saioan zehar algararako, hausnarketarako eta tristurarendako une ezberdinak egon dira. Sei bertsolari kantuan eta denak utzi dute ale ederren bat. Entzuleak ere gustura egon dira", dio Txinparta Bertso Eskolako Joseba Lasagabasterrek.

Saioan egindako lanen batzuk aipatzearren, esaterako, Beñat Gaztelumendik bakarkakoan egindakoa aipatu dute Txinparta Bertso Eskolako kideek: "Txileko kazetari baten lekuan jarri zen añorgarra eta mundua nola dagoen ikusita euren herrialdea ez dagoela hain "desentonatuta" esan zuen. Ironiara jota, Alaia Martinek eta Beñat Lizasok egindakoa aipatu daiteke: lankideak dira biak, Martin bertsolaria da, Lizaso Martinez maiteminduta dago eta lantokian, kafe makinaren ondoan, mezu bat utzi dio idatzita bertso eran, errimarik eta ezer ez duen bertso bat. Kantuan hastean, errima gabe hasi da abesten Lizaso entzuleen sorpresarako eta jendeak nahiko barre egin du. Beste saio baten, Agin Laburuk, Ane Labakak eta Alaia Martinek Olentzero joan zaigu doinuan abestu dute Oñatiko kaleetan jarritako bozgorailuetatik zein mezu zabalduko luketen esanaz. Saio horretan ere barre egin zuen jendeak". Beñat Gaztelumendik eta Nerea Elustondok egindako saioa ere azpimarratu gura izan dute bertso eskolako kideek: "Herrian argitaratu berri den Lapiko artian liburuan aitzakian esan ohi dala beti sukaldari famatuak gizonezkoak direla baina atzean normalean emakumezkoak direla. Elustondo amamak ez du onartzen eurak aintzat hartu barik titulu horiek ematea, eta elkarrizketa bat izaten du Mitxelin izarra duen jatetxe bateko sukaldaria den bere iloba Gaztelumendirekin. Bukaeran, agurrean, Gaztelumendik Mitxelina dela esaten dio amonari, eta bera bere izarra".

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak