Euskal Herriaren historiaren gainean memoria egiteko hitzaldi sorta Oñatin

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 7a, 07:54

Gutaz; izaera, gogoa, ekina leloaren baitan hainbat hitzaldi izango dira hurrengo hiru hilabeteotan Nabarralde fundazioak eta Oñatiko Udalak antolatuta. Euskal Herriaren historia gogoraraziko duten hainbat aditu izango dira, Joseba Asiron, Beñi Agirre eta Asisko Urmeneta, besteak beste, eta memoria egiteko bost proposamen ekarriko dituzte.

Hitzaldi eta ekitaldi guztiak Oñatiko zine aretoan izango dira, 19:00etan. Hona hemen:

Urtarrilak 14, martitzena

  • Iñigo Larramendi: Gasteiz 1200: Martin Ttipia auzolantzerkia

Egungo Euskal Herriaren konkista Gasteizeko bederatzi hilabeteko setioaz hasi zen, 1200ean. Martin Ttipia elkartekoek, hiriko dantzari eta abeslariekin elkarlanean auzolantzerkia egin zuten 2017an, leku hartako memoriaz jabetzeko. Aurrez, memoriak nortasuna eraikitzeko duen funtzioaz jardungo du Larramendik.

Urtarrilak 21, martitzena

  • Beñi Agirre: Gipuzkoako historia nafarra liburua

Egungo Gipuzkoa ikuspuntutzat hartuta, kontextu zabalaz jardungo du Agirrek, Nafarroaz eta Gaztelaz. Perspektiba horretatik Gipuzkoaren historia beste era batera interpretatuko du.

Otsailak 4, martitzena

  • Joseba Asiron: 1512ko konkista

Garai berrietarako haziak landatuta zituen erreinua nola errotik erauzi zuten kontatuko du Asironek. Proiekzio humanista garbia zuen kultura nola laino ilunek estali zuten. Eta nola etxekoek ere etxekalte egin zuten, elkarren arteko liskarretan lehenik eta espainolen aliatu gero.

Otsailak 11, martitzena

  • Asisko Urmeneta: 1620 Nafarroa beheregaina komikia

Ilustratzaile eta agitadore ezagunak komikia atera berri du Nabarralderekin, Nafar Erresumaren azken hatsak jasotzen dituena. Hori aitzaki hartuta, Pirinioz gaindiko Nafarroaren bilakaera kontatuko du Urmenetak.

Martxoak 10, martitzena

  • Ekain Martinez de Lizarduy: Erraiak dokumentala

Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna. Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak