Diotenez, Sao Paulon (Brasil) antolatu zuten lehenengoz San Silvestre lasterketa, 1925ean. Gertuago, Galdakaon, Circuito de Navidades lasterketa antolatzen hasi ziren 1961ean, baina lasterketa hark ez zuen jarraikortasunik izan, eta esaterako, 1964tik hona Madrilgo Vallecas auzoko San Silvestre probak sekulako indarra hartu du.
Euskal Herrian, egun, herri askotan antolatzen dute urteko azken egunean lasterketa, formatu ezberdinetan, baina Oñatikoa zaharrenen artean egongo da. "1978an egin zuten lehenengoz", dio azken urteotan proba antolatzeko ardura izan duen Antxintxiketan taldeko kide Asier Osinagak. Hain zuzen, Osinagaren aita Gotzon Osinaga da erretratuan azaltzen dena: "Argazkiaren atzealdean 1979ko martxoko data dator. Baina argazkia errebelatu zeneko data da hori [barreak]; 1978ko San Silvestreko erretratua da, eta lehenengo edizio hartan 21 kilometrotako lasterketa egin zuten, pentsa".
Frankismoa amaitu berritan
GOIENAk ezin izan du jakin, oraingoz, lehenengo edizio haren atzean zeintzuk egon ziren antolaketa lanetan. "Batean eta bestean galdetu dut, baina ez dut jakiterik izan zeintzuek antolatu zuten lehenengo lasterketa hura. Hori bai, distantzia luzeko proba izan zen, eta, argazkiari erreparatuta, dortsalean Egin egunkariaren publizitatea dator. Pentsa, frankismoa amaitu eta berehala antolatu zuten lasterketa", dio Osinagak.
Beste edizio berezi batzuk ere izan ziren: "Antza, tabernetan ardoa edateko geldialdiak egiten zituzten, parranda giroan antolatutako lasterketaren bat edo beste egin zuten", baina gero, etenaldi luzea egon zen, 1992an errekuperatu zuten arte (Ikus goiko argazkia). "Lagun kuadrilla batek hartu zuen, 1992an, lasterketa antolatzeko ardura, Pistol zenak, Jesus Zabaletak... Horiek 8,5 kilometroko lasterketa egin zuten urteetan, eta ondoren, Antxintxiketan taldekook hartu genuen erreleboa, 2007an".
Hala, Antxintxiketan taldekoen lehen lasterketak 8,5 kilometroko distantziari eutsi zion: "Herriari bi itzuli egiten genizkion, Olakuaraino joaten ginen, San Lorentzoraino... Baina sekulako trafiko arazoak sortzen ziren herrian. Jendeak urteko azken arratsaldea erosketak egiteko aprobetxatzen zuen, eta lehenengo itzulian ez, baina bigarrenean trafiko arazo handiak egoten ziren, jendeak autoak edozein tokitan aparkatzen zituen... Hori horrela, lasterketa herri barruan egitea erabaki genuen, zazpi kilometrotakoa. Distantzia horrekin beste profil bateko atletak erakarri genituen lasterketara, gezurra badirudi ere kilometro eta erdi hori asko igartzen delako; proba herrikoiagoa da egun".