'Ingo xonau!' proiektuak emakumezkoen hika biziberritzeko ilusioa sortu du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko abe. 14a, 17:45

Oñatiko nokaren osasuna nolakoa den aztertu dute Ingo xonau! proiektuaren baitan. Otsailean hasi ziren lanean eta geroztik 54 herritar elkarrizketatu dituzte. 55 urtetik beherako emakumezkoen artean gutxik dakitela ondorioztatu dute; hala ere, oraindik bizirik dagoela nabarmendu dute gaurko aurkezpenean.

Santa Ana antzokian 140 bat lagun batu dira gaur goizean Ingo xonau! aurkezpenean. Herri ekimenetik sortutako proiektua da: "Nokaren egoeraren gaineko kezka azaldu zidaten, eta proiektuarekin aurrera egitea erabaki genuen", azaldu du proiektuaren ardura duen Idoia Etxeberriak.

54 elkarrizketa, diagnostikoa egiteko

Otsailean hasi ziren elkarrizketak egiten: "54 elkarrizketa egin ditut: 52 emakumezko eta bi gizonezko. Oso polita izan da, asko ikasi dut", azaldu du Etxeberriak.

Elkarrizketa horietan jasotakoa aztertu egin dute. Horrez gain, datu bilketa ere egin dute diagnostikoa egin ahal izateko. "Modu horretan, Oñatiko nokaren egoera zein den jakingo dugu", dio Etxeberriak.

400 bat emakumek dakite noka berba egiten

Jaso dituzten datuen arabera, hau da egoeraren laburpena: "Badakigu eten handia egon dela transmisioan, horregatik gaude hemen proiektu hau aurkezten. 55 urtetik beherako emakume gutxik dakite noka berba egiten; hala ere, oraindik bizirik dago". Oñatiko 16 baserri auzoetan, 370 emakume daude noka dakitenak –horiei kaletarrak gehituz gero, 400 bat emakume izango dira–: "Datuek diote ez dagoela hilda, berreskuratu daiteke", dio Etxeberriak.

Batez ere baserri inguruan mantendu da noka: "Kalean lehenago galdu zen. Hala, baserritik kalera jaisten zirenek, ikusirik kalean ez zela egiten, eurek ere ez zuten egiten. Nahikoa konplexu zuten bestela ere!".

Emakumeei zuzendutako ikastaroa

Behin diagnostikoa eginda, aurrera begirako asmoak azaldu ditu Etxeberriak: "Asmoa da poltsikorako liburuxka bat egitea, nokaren eta tokaren aditz taulak jasoko dituena. Ikastaroak ere antolatuko ditugu, 202oko udazkenean. Lehenengo ikastaroa emakumeei zuzendutakoa izango da eta jabetze eskolaren baitan egingo da; ondoren, ikastaro mistoak egitea izango da asmoa".

Oñatiko nokaren biziberritzea "distantzia luzeko lasterketa baten modukoa" izango dela nabarmendu du Etxeberriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak