Elkar Hezi ikastetxeak antolatuta elkartasun azoka egin dute gaur Oñatiko plazan. Gabon inguruan egiten duten azoka da, eta nabarmendu behar da herrian ondo errotutako ekimena dela. 20 bat GKE elkartu dira plazan: elkarte bakoitzak egiten duen lana gertutik ezagutzeko aukera egon da, eta horrez gain, euren erakusmahaietan hainbat objektu izan dituzte salgai. Erakundeek eurendako dirua ateratzeko duten modua da hori.
Kutsadura eta aldaketa klimatikoa
Azokaren aurtengo gaia nekazal kultura izan da. "Bi ikuspegi izan ditzake gaiak: batetik, bertako produktuak sustatzeko nahia; eta, bestetik, kutsadurarekin eta aldaketa klimatikoarekin izango luke zerikusia", azaldu du Teo Maiztegi ikasleak. "Bertako produktuak sustatzen dira, kilometro zero deritzona bultzatuz", nabarmendu du.
"Azokaren helburua izango litzateke dirua batzea: batetik gobernuz kanpoko erakundeek eurek lortuko luketena, eta bestetik ikastetxeak irabaziko duena bideratuko da GKE bati. Eskolako neska-mutikoak bizkotxoak saltzen ibili dira, bigarren eskuko azoka jarri dugu, saski baten zozketa ere egin dugu...", azaldu du Maiztegik. Bada, hor lortutako dirua bideratuko da GKE bati.
Eskolan dihardute gaia lantzen
Aurtengo azokako gaia, gainera, eskolan ere landu dute ikasturtean zehar. "Agenda 21 taldeak aukeratu duen gaia zan da. Hala, Medellineko egoera ezagutu dugu hango lagunen bitartez eta Garai lantegian ere izan gara, hondakinak nola kudeatzen dituzten ikusten", dio Maiztegik.