17,2 miloi euroko aurrekontu proposamena egin du Oñatiko Udal Gobernuak 2020rako

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko aza. 21a, 07:37

Erdiguneko kalea

2019ko zerbitzu guztiak mantenduta, 1,8 milioi euro izango direla inbertsioetarako dio Udal gobernuak. Inbertsioen artean daude: helduen esperientzia gela sortzeko proiektua, Azkoagainen irisgarritasun plana, gizarte zerbitzuetako mapa eta Elorregin komuna jartzea. Astean erakutsi dio oposizioari.

Udal Gobernuak adierazi du prentsa ohar bidez, 2019ko zerbitzu guztiak mantendu eta 1,8 milioi euro izango direla inbertsioetarako datorren urtean. Zehatz esanda, 17,2 miloi euroko proposamena egin du 2020ko aurrekontuetarako (2019koa 22,3 miloi eurokoa izan da). Oharrean gogoratu gura izan du kiroldegiko obren inbertsioari aurre egiteko, udalbatzak 8,5 milioi euroko mailegua eskatzea adostu zuela irailean eta horrek "2020rako aurrekontuak murriztea" dakarrela. "Inbertsio garrantzitsu bat egitean gertatu ohi den moduan, datorren urterako aurrekontuak doitu behar izan ditugu. Beharrezkoa dugu arduraz jokatzea. Finean, dedikazio, kontraste eta lanketa sakonez eraikitako aurrekontuak ditugu".

Prentsa oharrak jasotzen duen moduan, segida emango diote 2019ko partaidetzazko aurrekontuetan finkaturiko inbertsio sortari. "Hain zuzen ere, 500.000 euroko partida dago bi urteko epean exekutatzeko. Bada, Oñatiko Udala hasia da prozesuan zehazturiko zenbait inbertsio egikaritzen –Olakuako kirol pistaren birgaitzea, besteak beste-. Eta 2020an exekutatuko dira herritarrek definituriko gainerako proiektuak. Herritarrek partaidetzazko aurrekontuetan zehazturiko inbertsioak bi urtean egikaritzeko konpromisoa hartu genuen. Eta buru-belarri dihardugu horiekin".

Komuna Elorregin

Datorren urtean egingo dituen inbertsioan artean aipatu ditu: San Lorentzo eta Olakua auzoetako irisgarritasun planaren jarraipena (15.000 euro); oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak, esaterako, Berezaora doan bidea egokituz (50.000 euro); argiteria publikoan kontsumo gutxiko teknologia duten LED argiztapena jartzeko apustuaren jarraipena (100.000 euro); landa auzoei laguntza (120.000 euro); landa bideak konpondu (30.000 euro); Araozko ostatuko eta Natur Eskolako lanak amaitu (170.000 euro) eta diru kopuru bat ere gorde dute San Prudentzioko geltokian komuna jartzeko. "Jakin badakigu Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun departamenduari dagokiola San Prudentzion komuna jartzea, baina, saiakerak saiakera, ez dugu erantzun baikorrik jaso. Arazoari irtenbidea eman beharrean gaude. Herritar askoren eskaera da".

Inbertsioen atalean honako beste hauek ere aipatzen ditu Udal Gobernuak: gizarte zerbitzuetako mapa, Azkoagain futbol zelaiko irisgarritasun plana, merkataritza biziberritzeko plan estrategikoa amaitzea, Txaloka Ludotekako eraikinaren birgaitzea bukatzea eta Unibertsitate Zaharrea helduendako Esperientzia Gela sortzeko proiektua.

Proposamena hilabeteetako lana dela dio Udal Gobernuak oharrean eta emaitzarekin pozik dagoela gehitu du Izaro Elorza alkateak: "Jakin bagenekien ardura handiz landu behar genuela aurrekontu proposamena. Hilabeteetako lana izan da eta egindakoa oso emankorra izan delakoan nago. Aurrekontuak doitu ditugun arren, 2019ko zerbitzuak mantendu ditugu eta alor guztietan ditugu inbertsio garrantzitsuak. Gainera, landutako aurrekontu proposamenarekin, egoera onean gaude udalbatzak onartutako maileguari aurre egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak