Txakur dalmaziarrak, pasio eta bidelagun bizitzan

Aitor Agiriano Arrese 2019ko aza. 16a, 10:30
Maria Jodar, oñatiarra, Digua, Amets, Izar eta Aloña txakurrekin.

Bartzelonan bizi den Maria Jodar oñatiarrak familiako kide ditu 'Digua', 'Izar', 'Aloña' eta 'Amets' txakur dalmaziarrak. Europa mailan arraza bereko txakurren edertasun txapelketetan aritzen da eta gaur egun Espainiako txapeldun da 'Amets' txakurra.

2003an hasi zuen gaur egun daraman bizimodua. Betidanik izan du amets txakur bat edukitzea, eta argi zuen ez ziola hori inork oztopatuko: "Hasieran, ez nuen arraza konkretuko txakur bat nahi; erdi tamainako txakur familiar, jostagarri, alai eta kirol-txakur bat izan zedin nahi nuen. Golden retriever arrazako txakur bat erosteko asmotan joan nintzen Oñatiko animalia dendara". Berehala ohartu zen, baina, arraza bereko txakurra zutela herritar askok eta ezberdina nahi zuela: "Etxeko egongelan nintzela, aurrean nuen apalean, 101 dalmata filmaren VHSa ikusi nuen. Filma ikusten hasi, eta dalmaziar arrazako txakurra morfologikoki nolakoa zen aztertzen hasi nintzen. Interneten xaxatu, eta informazioa eskuratzeko liburu bat ere erosi nuen. Orduan, arraza honekin maitemindu, eta Digua iritsi zen etxera. Bizitzan eduki dudan txakurrik onena da, eta izango da", dio Jodarrek.

Hala, inguruan aukerarik ez, eta amarekin joaten zen noizean behin Bartzelona aldera, txakur dalmaziarren Espainiako klubera. Bertan, arraza bereko txakurra zuten lagun asko egin, txapelketetara nola joaten ziren ikusi, irteerak egin eta, egun, Bartzelonako Osona eskualdean bizi da txakurrekin osatu duen familia ederrean: "Jabearekin egotea gustatzen zaie txakur dalmaziarrei, eta halaxe bizi dira nirekin, familian; zaintzea eta errespetatzea jabearekin bizitzea da, ez kaiola batean egotea".

Europan mailan lehian

Digua txakurrak 5 urte zituela, txakur dalmaziar bat erosi zuen txapelketetara aurkezteko, Amets. Eta, gaur egun, gainera, Espainiako txapelduna da txakur hori. Bereziki, Espainian, Frantzian eta Portugalen egiten diren txapelketetan aritzen da lehian. Nahiz eta mundu mailako txapelketetan ibiltzeko helburua ere baduen. "Munduko erakusketa garrantzitsuena egiten da Ingalaterran, eta bertara joan nahiko nuke. Kalitate ona duen txakurra da eta aitortua izan dadin gustatuko litzaidake. Bestetik, mundu mailako txapelketa ere izaten da urtero hiri ezberdin batean. Milanon eta Bruselan ospatu eta gero, Madrilen izango da hurrengoa, eta han izango naiz", dio Jodarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak