Oñatin jaio zen Laura Mendizabal Arkauz, baina 1948az geroztik arabarra, Gasteizko Ursulinas de Jesús ikastetxean ikasi zuen batxilergoa. Ondoren, 20 urte zituela, Ingalaterrako Cambridgeko hirira joan zen ingelesa ikastera, Technical School of Cambridge-n. Bertan urtebete egon zen eta aupair gisa lan egin zuen aldi berean.
1967an kontabilitate-administrazioan prestatua famili negozioan sartu zen; hornigai industrialetan eta bizikleten eta ziklomotoreen salmentan. 1969an Fernando Gorbearekin ezkondu zen; garai hartan ekintzailea zen bera erregaien banaketako sektorean. Hurrengo hamar urteetan 4 alaba izan zituzten.
1978an, negozioak gero eta hedadura handiagoa hartzen ari zirela eta administrazioaren/kontabilitatearen kudeaketa zuzenago baten premia ikusita, Mendizabal lanean hasi zen Santa Engracia (1967) eta Gamarra hornitegien (1972) famili negozioetan. 1978az geroztik senar-emazteak erabateko dedikazioz jardun zuten hornitegi berriak garatzen eta sortzen: Foronda hornitegia (1978), Zurbano (1996) eta Gorbea (2011).
Garai hartan, erregaien banaketa sektorea zaila zen hornigaiak zuen monopolioagatik. Lan kudeaketan independentzia mantentzearren AVIA Esergui izeneko elkartea sortu zuten beste hainbat gasolina saltzaile independenteekin, hornitegi libreei hornikuntza ziurtatzeko helburuz. Urteak aurrera joan ahala eta enpresa-ikuspegiari esker, zerbitzuak berritzea eta zabaltzea lortu zen, hornitegietan elikagai-dendak eta garbitegiak gehitzean. Gaur egun, zerbitzu horiek oso hedatuak daude, baina hastapenetan Foronda izan zen garbitegia zuen lehenengo hornitegia Araban. 2016ra arte, “"Esergui S.A"-ko, herrialdeko bosgarren petrolio-enpresa, kontseilari izan da Mendizabal; oraindik bazkide izaten jarraitzen du.
2000. urtean alargundu zen Mendizabal eta familia negozioaren erantzukizun guztia hartu zuen. Egun, Laura Mendizabalek 74 urte ditu eta lanean jarraitzen du bere enpresak kudeatzen, alaben laguntzarekin.
Sarituak
SAEk proposatuta jasoko du saria Laura Mendizabal Arkauzek datorren martitzenean. Korta saria jasoko duten beste hiru enpresariak dira: bankuen munduan lana egindako Pedro Luis Uriarte Santamarina bilbotarra, CEBEKek proposatua, SALTO taldeko sortzailekide Javier Roquero Ussia donostiarra, ADEGIk proposatua eta Zubiola kooperatibako gerentea izan den Maria Angeles Amenabar Errasti azpeitiarra, Korta Fundazioak proposatua.