Teknologia berriei beldurra kentzeko gunea zabalik MUko fakultatean

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urr. 31a, 14:42

3D inprimagailuak, eskaner bat eta ebakitzaile bat jarri dituzte Muko Enpresagintza Fakultatean egokitutako 'Maker gunean', herritarrek erabiltzeko. Kolaborazio eta talde lana egiteko gunea ere izatea gura dute bultzatzaileek, proiektuak gauzatzeko.

"Fakultate barruan dagoen gunea da Maker Gunea, baina herritarrendako ere irekia da. Gura duguna da jendea etortzea eta ikustea gailu hauekin zer egin daitekeen eta teknologia berri hauek aprobetxatzea euren proiektuak garatzeko", dio Maker Guneko arduradunetako batek, Asier Aranburuk.

Adibide praktikoak

Oñati rocking lab du izena, hain zuzen ere, gune horrek, teknologia berriekin batera musikak ere baduelako tokia txoko horretan. Bi gelatan daude bana-tuta erabilgarri dauden aparailuak: gela txikienean dago ebakitzailea eta luzeenean 3Dn inprimatzen duten hiru gailu eta eskaner bat. "Eskaner hau berezia da, 3D eskaner bat da. Berez, X Box jokoak duen gailu bat da, lehen jokatzeko erabiltzen zen eta orain 3D eskanerra egiteko. Pertsona edo objektu baten irudi ezberdinak hartu eta programa konkretu baten bitartez ikusten dituen irudi horiek inprimatzera botatzen ditu eskanerrak", dio Iker Egizabalek, gunearen bigarren arduradunak. Adibide bat jartzeko eskatuta, hankako protesi bat hartu du eskuan: "Horrelakoak egin daitezke, beharra duenarendako propio balio duten piezak hartu, testatu eta horiek inprimatzera bota".

Horrelako pieza ortopedikoak egiten ditu, esaterako, Antton Epelde zarauztarrak 3D inprimagailuak erabilita. "Material ezberdinak erabili daitezke, gainera, gogorragoak edo malguagoak, adibidez. Ideia izanez gero, landu eta egin egin daitezke inprimagailu horiek erabilita". Makinaz gain, marrazketarako esku ona eta ordenagailuen gaineko jakinduria behar dela gaineratu du Epeldek. Bat egiten du horrekin Egizabalek: "3D eskanerra erabiltzeko marrazten ondo jakiteak ez du inprimagailuak erabiltzeko beste garrantzirik, baina bai programa edo software batzuen erabilpena jakiteak. Behin jarrita, baina, ordu gutxitan, erraz trebatu daiteke pertsona bat horrelako gailuak erabiltzera".

Leinn barruan

Mondragon Team Academy izeneko zatiaren barruan dago gune hau, Leinn gradua dagoen tokian. Ekintzaileak eta proiektu diferenteak daude hor. Zortzi enpresa daude eta bakoitzeko ordezkariak daude sartuta gune honetan. "Talde bat gara, langileak eta ikasleak lankidetzan. Etorri, hau zenbat eta gehiago ezagutu gero eta entretenituagoa eta interesgarriagoa da-eta", esan du Aranburuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak