'Zaldi urdina' antzezlana datorren ostiralean iritsiko da Oñatira

Maialen Santos 2019ko aza. 9a, 10:38
'Zaldi urdina' obrako aktoreak, agertokian. (Argazkia: Zaldi urdina)

Arte Drama, Axut eta Dejabu Panpin Lorategia antzerki konpainiek elkarrekin sortu duten laugarren antzezlanak 80ko hamarkada markatu zuen heroina du ardatz. Obrak geldialdi bakarra egingo du Debagoienean; Oñatin izango da, azaroaren 15ean.

Urriaren 11n Luhuson estreinatu zutenetik, antzoki guztiak goraino bete ditu 'Zaldi urdina' antzezlanak, eta datorren astean, ostiralean, iritsiko da Debagoienera. Oñatiko Santa Ana antzokiak hartuko du obra, 22:30ean, eta dagoeneko sarrerak eskuratu daitezke www.oñati.eus webgunean, 10 euroren truke.

Zaldi urdina izen metaforikoaren bitartez, 80ko hamarkadako Euskal Herria eta heroina, zaldi zuria, ekarri nahi izan dituzte gogora. Horrekin batera, gazteria eta rock musika, hiesa eta heriotza, gatazka politikoa eta botereen esku beltza... gai horiek jorratuko dituzte oholtzan. Hiru antzerki konpainiek elkarrekin lanean diharduten laugarren aldia da: aurretik egin dituzte Errautsak, Hamlet eta Francoren bilobari gutuna.

Igor Elortzak eta Unai Iturriagak elkarlanean idatzi dute azken hau, 'Zaldi urdina', eta Ximun Fuchs zuzendaria eta Ainara Gurrutxaga zuzendari laguntzailea ari dira gidari lanetan. 21 pertsona ari dira antzezlanean lanean, horietako zazpi taula gainean: Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Edurne Azkarate, Urko Redondo, Miren Alkala eta Oier Zuñiga.

Euskal 'thriller'-a

Aingeru 17 urteko gazteari gertatutakoaren inguruan dihardu istorioak. Techno jaialdi batean ustez beste gazte bati zaldi urdina saldu dio, eta bihotzekoak jota hil egin da azken hau. Aingeruk ihes egin du eta ez dakite non dagoen; desagertu egin da. Familiakoak bila hasi zatzaizkio, poliziak ez dezan beraiek baino lehenago harrapatu. Ander Lipus aktoreak azaldu duenez, "euskal thriller bat" eskaintzen diote publikoari, "eta droga da gai nagusia".

Galdera "oso potenteak" plazaratzen ditu antzezlanak, eta jendea oso hunkituta ateratzen da obra ikusi ostean, azaldu du Arte Drama konpainiako aktoreak. Gaineratu duenez, drogek eraman zituzten gazteei egindako omenaldi txiki bat da antzezlana: "Familia hautsien zauriak ixtea zaila da, baina antzezlanaren bitartez zer gertatu zen galdetu nahi dugu, nolabait". Antzezlana publikoaren "harrera ezin hobea" izaten ari da: "Aktore batek ezin dezake hori baino gehiago eskatu", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak