EAJk bideak zabaldu ditu herritarren ekarpenak jasotzeko aurrekontuetarako

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urr. 31a, 15:47

Kale Barria

EAJko udal taldeak adierazi du aurrekontuetarako gaiak lantzen ari direla baina herritarren ekarpenak ere jaso gura dituztela eta horretarako bideak zabaldu dituztela: postaz, telefonoz edo batzokiko buzoia erabiliz.

Oñatiko EAJko udal taldeak jakitera eman du prentsa ohar bidez lantzen ari direla 2020ko aurrekontuak, hauteskunde programan jaso zituztenetatik lehentasunezkoak direnak, eta herritarren ekarpenak jasotzeko bideak zabalik jarri dituztela: Batzokiko buzoia, pnvonati.partaidetza@gmail.com helbide elektronikoa eta 688 60 21 00 udal taldearen whatsapp zenbakia.

EAJko udal taldeak dio "inbertsio txikien bidez oñatiarren bizi kalitatea hobetzeko aukera ematen edota beste erakundeetatik dirulaguntzak izan ditzaketen proposamenak lehenetsiko" dituztela beren ekarpenetan, eta gaineratu du 2020an ez dela inbertsio handirik egiteko aukerarik:  "udalaren egoera ekonomikoa dela eta, kiroldegia eraberritzeko konprometitutakoetatik harago ez da izango aurten inbertsio handirik egiteko aukerarik".

Jeltzaleek prentsa oharrean diote kezka bat ere badutela: "joan den urtean Udalak aurrekontuetarako proposamenak jasotzeko egindako parte-hartze prozesuaren ondorioz 2019ko aurrekontuetan txertatutako partidak ez baitira, oro har, bete". Eta azaldu dute: "kezkatuta gaude jasotako ekarpenen betetze mailarekin, ikusten dugulako herritarrek hala eskatuta aurrekontuetan txertatutako proposamen gehienak ez direla burutuko". Ekarpenen artean aipatu dituztenak: "San Pedro-Madalenan eta Olabarrieta-Asentzion komun publiko irisgarriak jartzeko proposamena egin zuten 1003 oñatiarrek, Ugarkalden haurren jolas parke bat estaltzea 486 herritarrek, ikastetxe eta ekipamendu publikoen inguruetan bizikletentzako aparkaleku estaliak 433 oñatiarrek, bide segurtasuna hobetzeko zebrabideak argiztatzea 433k eta abar. Ez zaigu zilegi iruditzen, aurrekontuetan txertatzeko herritarrei ekarpenak eskatzea eta ez betetzea. Hitza bete egin behar dela uste dugu, aurrekontua exekutatu behar dela eta parte-hartze prozesu baten bidez jasotakoa betetzea lehentasunezkoa dela".

Lantzen ari diren sei proposamen aurreratu dituzte jeltzaleek:

  • Tokiko merkataritza sustatzeko neurriak: dirulaguntza lerroak, belaunaldi erreleboa sustatzeko neurriak, lokal hutsak berritzeko eta erabilera emateko programak…
  • Kulturan, sormen bekak sortu
  • Oinezkoen, bizikleten, patineteen eta bestelakoen elkarbizitza bermatzeko araudia landu.
  • Adikzioak Prebenitzeko Plana landu gazteekin eta horien gurasoekin.
  • Euskadi Lagunkoia programari atxiki eta, besteak beste, adin guztietarako hirigintza atsegina eta irisgarria bermatu: bereziki, Olakua-Olapoton, Kasablanka-Kalezaharra-Arkiteko Lizaurren, Moyua kalean eta Mendiko kalean.
  • Azkoagaingo futbol zelaia eta azpiegiturak konpontzeko dirulaguntza.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak