Angel Rekalde (Nabarralde Fundazioko Zuzendaria): "Arantzazuri balioa ematea garrantzitsua da guretako"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urr. 28a, 15:21

Angel Rekalde, Nabarralderen Iruñeko bulegoan. Argazkia: Miren Mindegia.

Arantzazuren garrantzi historikoa nabarmentzen duen Arantzazu, herriz harri izeneko dokumentala egin du Nabarralde Fundazioak, Oñatiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak lagunduta. Kultura etxean dagoen zinema aretoan aurkeztuko dute bihar, martitzena, urriaren 29an, 19:30ean.

Zerk bultzatuta erabaki zenuten dokumentala egitea?

Memoria-guneen inguruko jardunaldi bat egin genuen iaz Oñatin; memoria-guneak historiaren agertokiak dira eta horietan kontatzen da errelatoa. Euskal Herrian hainbat daude; ezagunenak, akaso, Gernika eta Amaiur, baina Arantzazuk ere pisu handia du, eta ospatzen ari garen urteurrenak dira horren erakusle: batetik, orain dela 50 urte jarri ziren basilikan Oteizak egin eta urteetan bide ertzean botata izan ziren apostoluak, eta bestetik, Euskaltzaindiak Arantzazun euskara batua antolatzeko lehen bilkura egin zuela iaz bete ziren 50 urte.

Ze balio du, zuretzat, Arantzazuk?

Asko ditu; nabarmenenak, euskararekin eta artearen iraultzarekin lotutakoak. Diktadura garaian, Arantzazu, euskal kulturaren babesleku izan zen; baina bestelako esanahi eta balio garrantzitsu asko ere baditu: paisaia, mendizaleen elkargunea, artzaintza, musika...

Aitortzen zaio garrantzi hori?

Hori da daukagun erronka; globalizazioak denak berdintzeko eta ezaugarri partikularrak ezabatzeko joera dauka, eta garrantzia landu egin behar da, eta horretarako, aurretik ezagutu egin behar da.

Zer jasotzen du lanak?

Bereziki, euskararen eta artearen gaietan zentratu gara. Oteiza sakona eta abstraktua da, dokumentala sinpleagoa da, horren guztiorren narrazioa da, hurrengo belaunaldiek izan dezaten horren berri. Hainbat elkarrizketa-pasarte daude: Altzuzako Oteiza Fundazioa Museoko Elena Martinek arte ezaugarriak azaldu ditu, Peio Zabala frantziskotarrak fraideen bizipenak kontatu ditu eta santutegiko zaindari Juan Ignacio Larreak gaur egungo egoeran kokatu. Adituendako baino gehiago, publiko zabalarendako pentsatuta egindakoa da.

Aurkezpenetan ez ezik, non eskura daiteke dokumentala? 

Gure helburua ahalik eta gehien zabaltzea da; hortaz, formatu merkean, USB formatuan, atera dugu; 10 eurotan eros daiteke. Nabarralde.eus atarian dituzue gure jardunaren berri eta harremanetarako moduak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak