Oskarbi taldeak Gandiaga topagunean joko du zapatuan

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urr. 8a, 17:45
Oskarbi taldea

Oskarbi Taldeak kantaldi berezia eskainiko du zapatuan Arantzazun Jorge Oteiza eta Bitoriano Gandiaga gogoratzeko. Eskultorearen ibilbide artistikoa omentzeko ere baliatuko du hitzordua Pasaiako taldeak. ‘Oteizaren hutsunetik, Gandiagaren hitzetara’ da emanaldiaren izena eta doan izango da, urriaren 12an, 18:00etan.

1966. urtean sortua, Oskarbi ‘Ez Dok Amairu’ mugimenduko kide izandako taldea da. Datorren hilean 53 urte beteko ditu, batetik, antzinako euskal kantu herrikoiak biltzen, egokitzen eta zabaltzen; eta bestetik, kantu berriak sortzen Oskarbiren faktorian. Arantzazun, Bitoriano Gandiaga zenaren omenezko mezan parte hartu zuen talde pasaitarrak. Erabateko kontzertu izaera duen ekitaldirik, ordea, ez
du inoiz Arantzazun egin. Gandiaga Topagunekoa, beraz, lehen aldia izango da. Baina Arantzazurekin edukitako zeharkako harremana, nolabait, biribiltzeko asmoa ere badu emanaldiak. Izan ere, Santutegiko historian, zein Arantzazuko Frantziskotarren Probintzian, garrantzi handia izan duten Bitoriano Gandiaga frantziskotarraren eta Jorge Oteizaren eragina izan baitu taldeak.

Oskarbik biekin lan egin du. Eskultorearekin urteetan zehar izandako lotura 60ko hamarkadaren bukaeran hasi zen. Taldeko kidea zen Luis Romero Eskamendiren bidez ezagutu zuen Oskarbik artista oriotarra. Eskulturarekiko pasioak batu zituen Romero eta Oteiza, eta lagun egin ziren. 1969. urtean, Luis Romerok Arantzazura bisita antolatu zuen taldekideek Oteiza ezagutu zezaten; eta bide batez, eskultore oriotarraren eskutik, Santutegian gauzatzen ari zen proiektuaren nondik norakoak uler zitzaten. Erlazio horrek urte horretan bertan eman zituen fruituak; Jorge Oteizak berak egin baitzizkien taldearen ikurra eta lehen disko txikiaren azala (1969). Zirkuluen eta kulturen inguruko teorian oinarritu zen taldearen logotipoa egiterako garaian.

Eskutari (1972) laneko azalaren egile ere izan zen Oteiza, Felix Garridorekin batera. Taldearen hirugarren diskoa izan zen horretan, gainera, Bitoriano Gandiagaren poema bat abesti bilakatu zuten, ‘Bai, bai, bainan gero ez’ izenburupean. Oteizaren bidez izan zuten
elkarren berri taldekideek eta olerkari frantziskotarrak. Adiskide egin ondotik, Gandiagak 3 olerki prestatu zizkion berariaz Oskarbiri. Gauzak honela, ‘Oteizaren hutsunetik, Gandiagaren hitzetara’ izenburua jarri diote urriaren 12ko kontzertuari.

Emanaldiko egitaraua

Emanaldiko egitarauari dagokionez, 'Trebiñun dantzan', 'Kantu Kanta Kantore' eta 'Trinidadeak' abestuko ditu taldeak sarrera gisa; eta Oteizari eskainitako atalean beste hainbeste pieza izango dira entzungai (‘Hiru Gauean’, ‘Eskutari’, ‘Androkanto’). Jarraian, Bitoriano Gandiagaren hitzak erabiliz kaleratutako abestiekin (‘Hitz Urri Batzuk’, ‘Kukuak Umeak’, ‘Ez dakit zergatik’, eta ‘Bai, bai, baina gero ez’) egingo du aurrera kontzertuak. Bukaeran, 2012ko diskoari izena eman zion ‘Xirimiri’ abestia kantatuko dute, 2016ko Mendira Naiz lanak izenburutzat duen abestia, ‘Mariñela’ eta ’Zazpi Urte’ kantuekin batera.

Bederatzi partaide arituko direla Oskarbi Taldearen izenean: Maite Aizkorreta (ahotsa), Beronik Ondikola (ahotsa), Bakartxo Maritxalar (ahotsa), Joselu Treku (ahotsa), Iñaki Maritxalar (ahotsa eta gitarra), Carlos Ruiz (ahotsa eta akordeoia), Joana Ortega
(teklatua), Gontzal Iñarra (txirula) eta Maite Lopez de Arbina (biolina).

Kontzertua euskara hutsean izango da eta sarrera doakoa izango da. Baina leku mugatuak daudenez, aurrez eman behar da izena. Horretarako bideak dira: 943 71 65 75 telefono zenbakia eta info@arantzazugandiaga.com posta elektronikoa.

50 urte

Kantu emanaldiak Orioko eskultoreak duela 50 urte bukatu zuen proiektu eskultorikoaren mende erdiko ospakizun programarekin bat egingo du. ‘Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969’ izenburupean garatzen ari den egitaraua, Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek prestatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak