"Federaziotik proposamena iritsi zitzaigunean, elkartean zein taldean ideia baloratu genuen eta guztion artean erronka honi aurre egitea erabaki genuen, eta jokalarien erantzuna oso positiboa izan zen", aipatu du Mekalki Aloña Mendi taldeko entrenatzaile Aitor Ugartek. Era berean, hau aipatu du: "Taldea kontziente da mailaz igotzeak duen eragin eta erantzukizunaz, baina horretarako prest gaude".
Denboraldi-aurrea
Ugarteren mutilek urriaren 12an emango diote hasiera denboraldiari, baina abuztuko oporraz geroztik lanean dihardute erronka berria prestatzen: "Taldean min hartuta dauden hainbat jokalari ditugu eta horrek denboraldi-aurrean eragina izan du; hala ere, urriaren 12ra bitartean badugu denbora denboraldia prestatzeko", adierazi du Ugartek.
Hainbat nobedade
Mailaz igotzeak eragina izango du oñatiarren jokatzeko moduan. "Gipuzkoako txapelketan ez dago 24 segundoko mugarik eta orain, muga horren barruan jokatu beharko dugu. Horrez gain, taldeen maila ere hobea izango da", aitortu du Ugartek. Zortzi talde, guztira Aloña Mendi saskibaloi sailak zortzi talde izango ditu lehian 2019-2020 denboraldian: bi talde seniorretan, talde bakarra gazte mailan, bi talde kadete mailan eta hiru infantiletan. Federatutako jokalariez gain, saski eskolak beste urte batez jarraituko du. "Jokalari kopuruak gora egin du eta hori da denboraldi honetan bi talde gehiago izatearen arrazoia. Saskibaloi sailetik, gainera, positiboki baloratzen dugu igoera eta kirol honekiko interesa", aipatu du Iñigo Zabaletak, Aloña Mendiko saskibaloi saileko zuzendaritzako kideak.