Iaz irailean ekin zion Ulmak errenta finkoko merkatu alternatiboaren (MARF) bitartez zor kotizatuaren jaulkipenari, emititzeari, modu horretan, finantziazio iturriak dibertsifikatuz. Oraingoan ere, bide bera jarraituz eta hazkunde plana finantzatzeko asmotan, 50 milioi euroko zor kotizatua jaulki du, 12 urterako epean. Modu horretara, 100 milioi euroko programaren baitan zor kotizatua jaulki duen lehen industria-talde kooperatiboa bilakatu da Ulma. Halako finantziazio iturriak ohikoak dira kapital sozietateetan; ez, ordea, talde kooperatiboetan.
Nazioarteko inbertsiogileekin
Errenta finkoko merkatu alternatiboa erabili du (MARF) kolokazioa egiteko Ulmak eta eragiketa nazioarteko inbertsiogileek izenpetu dute erabat. Estrategiaren helburu nagusiak, besteak beste, finantzaketa iturriak dibertsifikatzea, epeak luzatzea eta baldintza ekonomikoak hobetzea dira, Taldearen Plan Estrategikoaren barruan Finantzen Arloak markatutakoak.
"Sekulako aukera"
Ulma taldeko zuzendari nagusi Iñaki Gabilondoren esanetan: "Bezeroengana iristeko eta posizionamendua sendotzeko sekulako aukera izango da gure finantzaketa bide berri hau". Hala, "eraginkorragoak izaten eta teknologia berriak sartzeko eta produktu eta zerbitzu berrietan inbertitzeko ahalmen handiagoa izatea" espero du taldeak, baita "hainbat erronkari erantzun ahal izatea, hala nola automatizazioari, digitalizazioari edo ingurumenaren eskakizunei".