Xabier Ugarte oñatiarra aske geratu da

Maialen Regueiro 2019ko uzt. 28a, 11:54

22 urtez izan da preso eta gaur irten da Topaseko espetxetik (Salamanca). Xabier Ugarte 1997ko uztailaren 1ean atxilotu zuten Jose Antonio Ortega Lara espetxeko funtzionarioaren bahiketan parte hartzeagatik. Mondragoeko Jalgi CB izeneko lantegi batean eduki zuten bahituta Ortega Lara lau debagoiendarrek.

Ortega Lara 532 egunez izan zuten bahituta 1996 eta 1997 artean, Arrasaten.

1998ko ekainean 32 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Ugarteri, Ortega Lararen bahitzaileetako bati.

Urte berean, beste hamalau urtera zigortu zuten, Julio Iglesias Zamoraren bahiketan parte hartzeagatik.

Horrez gain, 1999an 145 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten bi Guardia Zibil hil ziren atentatu batean parte hartzeagatik, 1987an Oñatin.

2018ko urtarrilaren 27an, Ugarteren emazteak, Susana Uribetxeberriak, auto istripua izan zuen, senarra bisitatu ostean Topaseko (Salamanca) espetxean. Ez zuen inongo zauririk sufritu, baina autoa bertan utzita taxian itzuli behar izan zuen etxera.

"Ongi etorri Xabier!"

Ehunka herritarrek txaloka hartu dute Ugarte bere herrian, Oñatin –beheko argazkian–. "Jendetza zai Oñatin, urduri, pozik, hunkituta... herri honek horrelako gehiago behar ditu! Ongi etorri Xabier!" jarri du Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak bere twitterren.

Hainbat hedabidek aurreratu dute Espainiako gobernuak Fiskaltzaren eskuetan utziko dituela asteburuan aske utzi dituzten bi presori –horien artean Ugarte oñatiarra– egindako ondo etorriak. Espainiako gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariaren bitartez adierazi du ondo etorri horiek "onartezinak" direla eta gertaerak Fiskaltzaren esku utziko dituela aurreratu du.

Hiru oñatiar espetxean

Ugarte aske egonik, hiru oñatiar gelditzen dira espetxean, gaur egun: Xabin Usandizaga, Joseba Arregi eta Angel Telleria. Usandizagak 22 urte daramatza kartzelan (Kordoba), eta 2020an askatzea aurreikusten da. Arregi Alacanten dago, eta 27 urte daramatza preso. Azkenik, Telleria, 2017an atxilotu zuten Mexikon, eta Madrileko Estremera espetxean dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak