Eskuz idaztearen artearen bueltan Arantzazun

Txomin Madina Milikua 2019ko uzt. 20a, 22:25

Hogei lagunek hartu dute parte Arantzazu Letraz Gunearen bosgarren aldian. Ivan Castro adituaren eskutik, karolina eta humanista letrak landu dituzte.

2015ean Oriol Miro kaligrafoarekin hasi zuen ibilbidearekin jarraituz, asteburuan egin dute Arantzazu Letraz Gunearen bosgarren aldia. Eta aurrekoetan bezala, arrakastatsua izan da, izen-ematea zabaldu eta gutxira bete ziren-eta aurreikusitako hogei lekuak. "Aurtengo irakaslea Ivan Castro izango zela iragarri, eta bi astean bete ziren. Jende dezente geratu da itxaron zerrendan", azaldu du Arantzazu Gaur Fundazioarekin batera ekimenaren antolatzaile den EHUko Letraz taldeko Leire Fernandez oñatiarrak.

Ekimena martxan jarri zenean, diseinu grafikoaren munduan eta tipografien diseinuan dabilen jendea erakartzea espero zuten antolatzaileek, baina beste hainbat lanbidetakoak ere hartu dute parte aurten: Ile-apaintzaileak, irakasleak, liburutegietako langileak...  Eta  jatorriari dagokionez ere, aniztasuna izan da nagusi, Euskal Herriko hainbat txokotako parte-hartzaileez gain, Valentzia eta Zaragozakorik ere egon delako.

Eskuz idaztea, erlaxatzeko aukera

Ez dira gutxi, gainera, urtetik urtera errepikatzen dutenak.  Zumarragan jaio baina Gasteizen bizi den Rita Mosquerarentzat, esaterako, hirugarren urtea da. Liburutegi bateko langilea, idaztea gustuko duela dio, nahiz eta bere estiloan. Arantzazuko irakasten den bezalako idazkera arautura egokitzea ez zaio erraza egiten: "Gehiago kostatzen zait, baina zaletasuna da". Arte Ederrak ikasten dituen alabarekin hartu du parte tailerrean.

Lander Telletxea diseinatzaile grafiko bilbotarra bigarren urtez izan da Arantzazun. Karolina eta humanista letrak izan dira aurten landu dituztenak, "nahiko zailak" Telletxearen esanetan, baina eskuz eta era horretako letrak idazteak zen puntu bat duela gaineratzen du, lasaitzen duela.

Iritzi berekoa da Leire Fernandez ere: "Eskuz idazteko momentua momentu oso intimoa bihurtzen da, erlaxatzeko balio duena eta buruari ere on egiten diona."

'Karolina' eta 'humanista', letra xehearen oinarri

Karolina idazkera VIII. mendean asmatu zen; eta humanista Berpizkundean sortu zen haren moldaketa da. Zergatik aurten bi letra hauek? "Bosgarren edizioa izanda, aukerak amaitzen zebiltzalako batetik; eta bestetik, oso azpian bada ere, egungo letra xehe eta tipografia xehe guztien oinarrian daudelako" dio Ivan Castrok, aurten edizioa gidatu duen adituak.

Egun eta erdian hamabi ordu eman dituzte ikasleek bi idazkerak ikasten, eta Castroren esanetan, Arantzazu moduko lekuak aproposak dira horrelako tailerretarako: "Hirietatik kanpo egoteak kontzentratzen laguntzen dizu; eta horretarako oso formatu interesgarria da hau. Dena den, hemengo ingurunea ikusgarria da". 

Gaur egun, idazteko beste aukera eta ohitura batzuk egonda, eskuz idaztearen garrantzia nabarmentzen du Castrok: "Orain 25 urte, askoz gehiago idazten zen eskuz; egun, idaztearen keinua, mugikorrean tekleatzearena da. Mekanizazio horri erantzun moduan, eskuz eta modu pausatuan idazteko beharra dugu. Eta ez bakarrik oharrak hartzeko edo erosketaren zerrenda egiteko; apur bat atzera goaz, eta idazketa formala landuaz, gizakioi lotuta dagoen idaztearen keinua berreskuratzen dugu".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak