Arantzazuko Igoeraren mende erdiko ibilbidea

Maialen Regueiro 2019ko uzt. 19a, 12:16

1950ean Jean Robic izan zen lehena helmugaratzen (Irudia: Kutxateka)

16:00etan abiatuko da lasterketa, triana auzotik, eta txirrindulariek 70 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, Sindikako gainera iritsi aurretik. ulma aloña Mendi taldearekin, guztira, zazpi txirrindulari arituko dira, bost oñatiar eta bi bergarar

Bihar 16:00etan abiatuko da, Triana auzotik, 50. Arantzazuko Igoera. Gazte mailako 90 txirrindularik, gutxienez, hartuko dute parte eta 70 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.

Zazpi debagoiendar

Aloña Mendiko txirrindularitza sailak antolatzen duen lasterketa hau Gipuzkoako txapelketaren baitan dago, eta, horren eraginez, Gipuzkoa, Bizkai zein Arabako taldeek hartzen dute parte. Era berean, gazte mailako lehen eta bigarren urteetan diharduten bailarako ordezkariak ere izango dira biharko lasterketan; Ulma Aloña Mendi taldearekin zazpi debagoiendar arituko dira: Unai Cueva, Ander Blazquez, Aritz Plazaola, Aritz Torres eta Unax Agirre oñatiarrak eta Iker Ugarte eta Lander Uribesalgo bergararrak.

Bederatzi kilometro

Lasterketa honek 50 urte beteko ditu bihar; Arantzazuko lehen igoera 1935ean egin zen. Hala ere, mende erdi honetan, lasterketak ibilbide aldaketa izan du, 2016az geroztik. 48 urtez, lasterketa bederatzi kilometrokoa izan da, baina antolakuntzatik ibilbidea aldatzeko, alegia, luzatzeko erabakia hartu zuten duela bi urte, Ruper Arkauz Aloña Mendi txirrindularitza saileko kideak azaldu duenez: "Txirrindularitza sailak 50. urteurrena ospatu zuenean, ibilbidea aldatzea erabaki genuen, hainbat txirrindularik hala eskatu zutelako. Beraien eskaera ibilbidea luzatzea zen eta halaxe egin dugu azken bi urteetan. Hala, Arantzazura igo aurretik beste 60 kilometroko ibilbidea egiten dute, beroketa gisa". Helmuga da 50 urtean aldatu ez dena, Sindikako gaina, hain zuzen, eta biharkoa ere han amaituko da. Lasterketa amaitu ostean, han banatuko dituzte sariak.

Palmaresa

1935eko otsailaren 24an egin zen Arantzazuko lehen igoera eta Vicente Truebak irabazi zuen. Lehen igoera hura oso arrakastatsua izan zen eta Arantzazurako bide bazterretan zale asko elkartu ziren. Bigarren igoera 1936an izan zen, eta, kasu hartan, Claudio Leturiaga oñatiarra izan zen onena. Urte hartan, gainera, Espainiako gerra hasi zen, eta, horren eraginez, hurrengo urte batzuetan ez zen igoerarik antolatu. Jose Antonio Mur izan zen 1969an lasterketa irabazi zuen beste oñatiarra. 2016an egin zen azkenengoz bederatzi kilometroko ibilbidea zuen Arantzazuko Igoera, eta kasu hartan, Jokin Alberdi izan zen lehena helmugaratzen. Ibilbidea aldatu zenetik, Xabier Berasategi eta Jokin Murguialday izan dira lasterketako irabazleak, 2017an eta 2018an, hurrenez hurren. Azken urteetako oñatiarren emaitzei dagokienez, Julen Umerezek eta Xabier Murgiondok emaitza onak lortu izan dituzte –bigarren eta hirugarren postuak lortu dituzte–, garaipenik lortu ez badute ere.

Boluntario beharra

Lasterketaren harira, Aloña Mendi txirrindularitza sailetik jakinarazi dute biharko lasterketarako boluntarioak behar dituztela ibilbidean zehar egoteko. Lasterketa 16:00etan hasiko bada ere, 15:15ean egingo dute banaketa Aloña Mendi taberna kanpoaldean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak