Idazkera ederraren artea bosgarrenez Arantzazun

Maialen Regueiro 2019ko uzt. 19a, 10:43

Kaligrafia jardunaldiei hasiera emango zaie gaur arratsaldean, Arantzazuko Gandiaga Topagunean. 'Karolina' eta 'humanista' letra motak aztertuko dituzte bosgarren edizio honetan, eta Ivan Castro diseinatzaile grafiko kataluniarrak gidatuko ditu saioak

Arantzazuko Gandiaga Topagunea kaligrafia jardunaldien agertoki izango da gaur eta bihar, dagoeneko bosgarren edizioa izango dena. Jardunaldi hauei gaur arratsaldean emango zaie hasiera eta bihar arratsaldean amaituko dira; hogei pertsonako taldeak parte hartuko du. Ivan Castro kaligrafo kataluniarra izango da saioen gidaria eta karolina eta humanista letra moten lanketa egingo du. Leire Fernandez oñatiarra jardunaldi hauek antolatzen aritzen da, eta Ivan Castrori helarazitako gonbidapenaren arrazoiak azaldu ditu: "Urtero, kaligrafo izendunak gonbidatzen ditugu jardunaldi hauek gidatzeko. Castrorekin aurretik genuen harremana, eta, bere hainbat lan jaso ondoren, bera gonbidatzea erabaki genuen". Aurreko edizioetan, Oriol Miro, Joan Quiros eta Bego Viñuela kaligrafoen parte-hartzea izan da. Izan ere, Fernandezek aipatu bezala, hemen inguruan ez dago gai honi buruzko tailer eta hitzaldirik, horiek, normalean, hiri handietan izaten direlako, Bilbon eta Bartzelonan, besteak beste. Azken batean, jardunaldi hauen helburua honako hau da: "Oñati eta inguruko herritakoek tematika hau lantzeko aukera izatea, aditu baten eskutik".

'Karolina' eta 'humanista'

Aurtengo jardunaldietan bi letra mota landuko dituzte: karolina eta humanista. Honela deskribatu ditu Fernandezek: "Letra mota hauek uniformeak dira idazkeran, bariazio formala dute eta erritmo handia. Azken batean, ordenagailuan idazteko erabiltzen diren letra motek oinarritzat dituzte bi hauek".

2015az geroztik

Aurtengoa bosgarren edizioa izango da, 2015an hasi baitzen Arantzazu Gaur Fundazioaren eta EHUko Letraz Diseinu Grafikoko eta Tipografiako ikerketa taldearen arteko lankidetza. Horren harira, Fernandezek honako balorazio hau egin du: "Parte hartzeko plazak zein azkar betetzen diren ikustea pozgarria da. Horrek erakusten digu, baita ere, gai honi geroz eta garrantzi handiagoa ematen ari zaiola. Gainera, partaideek errepikatu egiten dute urtetik urtera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak