Oñatin egiten duten piñoi finkodun gaueko Kantoikrit lasterketak sekulako gorakada izango du aurtengo edizioan. Zapatuan, 22:00etan hasita, 61 lagun batuko dira irteera puntuan: "Inoiz ez dugu halako parte-hartze kopururik izan. Eta hori zen, neurri batean, antolaketa taldetik bilatzen genuena. Aurtengo helburuetako bat bazen ziklista gehiagok gure lasterketaren berri izatea, eta Kantoikrit gehiago promozionatzeko ahalegina egin dugu, bereziki, sare sozialetan, eta badirudi ahalegin horrek emaitza izan duela", dio antolaketa taldeko Xabi Barrenak.
Lasterketan Euskal Herriko ziklistak egotearekin batera, Estatuko bazter guztietako txirrindulariak etorriko dira, eta baita frantziarrak ere: "Frantziatik hamar datoz, guztira, eta euretako batzuek oso maila ona dute. Sare sozialetan jarraitu ditugu, eta Berlinen, Herbehereetan... lehiatzen ibili dira. Bestalde, Estatutik ere jende asko dator. Azken urteotan, lasterketa kopuruan beherakada izan da; orain, Valentziako eta Oñatiko lasterketak bakarrik daude, eta lehen, zazpi-zortzi egoten ziren. Esaterako, Gijongoa zen urte gehien zituena, eta orain, gravel modalitateko lasterketa egiten dute; moda kontua izango da. Imajinatzen dut lasterketa gutxiago egoteak ere zerikusia izan duela gure gorakadan".
Junquera anaiak, faborito
Ez da lehenengo aldia mugaz beste aldeko ziklistak datozena. 2014an, Timothe Ceresa izan zen onena, eta Stefan Schott izan zen bigarren. Ordutik, Kataluniatik eta, batez ere, Gijondik etorritako ziklistak izan dira protagonista, etxeko zenbait ziklistarekin batera. Hala, 2016az geroztik, Junquera anaiak podiumaren bueltan egon izan dira, eta zapatuan ere borroka horretan egoteko asmoz etorriko dira. 2016an, Luis Junquera bigarren izan zen, 2017an hark irabazi zuen, eta iaz podiumeko lehenengo bi postuak bete zituzten anaia horiek: Mario Junquerak irabazi zuen eta Luis bigarren sailkatu zen: "Ikusteko dago Frantziatik etorriko diren ziklisten artean ze lan egiten duten".
Lasterketa, 'streaming'-ez
Antolaketa taldetik ahalegina egingo dute aurten lasterketa streaming-ez eskaintzeko: "Iaz, kamera bakarra izan genuen, baina, ikusgarritasunean eta bizitasunean irabazteko, lasterketa sei kamera bitartez jasoko dugu eta streaming bidez eskainiko dugu. Youtubeko plataforman emitituko dugu, baina, azken ordura arte, ez dugu bertako loturarik izango. Gure sare sozialetan emango dugu horren berri". Lasterketan, beste sari batzuekin batera, lehenengoak 400 euro poltsikoratuko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenarendako 100 euro egongo dira.
Aldaketak ibilbidean
Lasterketak 27 kilometro izango ditu eta ziklistek 15 itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari: "Aldaketa batzuk egin behar izan ditugu, Atzeko kale inguruan etxebizitza bat egiten dabiltzalako eta garabi bat dagoelako kalean. Eta Portu taberna inguruan ere hoditeria aldatzen dabiltza eta zuloak daude. Bada, orain, zirkuituak tramu azkar bat izango du, baina orain arte ez genituen bi bihurgune zail samar izango ditu; teknikoagoa dela esango nuke", dio Barrenak.