Lagun artean aurkeztu dute Lope de Agirreri buruzko liburu berria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko uzt. 6a, 12:30

Alvaro Bermejok idatzi eta Joseba Urretabizkaiaren argazkiak batzen dituen Lope de Agirre liburua aurkeztu zuten atzo, egubakoitza, Oñatiko kultura etxeko zinema aretoan; egileekin batera aurkezpenean izan ziren Rafa Aranburu, Lope de Agirreri irudia jarri dion oñatiarra eta Marañon baten azalean sartu den Agustin Goenaga Oñatiko zinegilea.

Lagun arteko afari baten komentatu zion Bermejo idazleak Urretabizkaia argazkilari eta Tolosako Xibarit argitaletxeko arduradunari Lope de Agirreri buruz liburu bat argitaratzeko gogoa zuela, pertsonaia horrek Euskal Herriko historian duen garrantzia gogora ekartzeko. Urretabizkaiari proposamena gustatu eta hala hasi ziren ekimena aurrera eramateko lanetan.

Lope de Agirreren bizipenak eta bestelako bitxikeriak batzen dituen testua idatzi zuen Bermejok, geroago Joxemi Saizarrek itzuli zuena, eta Urretabizkaiak testuari laguntzeko argazkiak sortu zituen ondoren. "Pertsonaia historikoa izanda ez zen erraza erabakitzea zelako irudiak erabili eta aukerarik onena gureak sortzea zela pentsatu nuen. Donostian bizi den Oñatiko lagun baten bitartez, Rafa Aranburu ezagutu eta hari proposatu genion Loperen azalean sartzea, eta Agustin Goenaga ezagutu dugu bidean, eta hark ere asko lagundu digu. Oñatiarrez gainera Tolosako lagunak asko jarri ditut kameraren aurrean. Oso pozik gaude emaitzarekin. Eskerrik asko guztioi", azaldu zuen Joseba Urretabizkaiak atzoko aurkezpenean.

Hiru 'Lope' aurkezpenean

Ikusmina sortu du liburuak, eta horren erakusle jende asko batu zela atzoko aurkezpenean, herritarrak eta baita kanpotik etorritako lagun asko ere. Idazlearen eta argazkilariaren azalpenak entzun ostean, Agustin Goenagak hartu zuen hitza eta 1983an zuzendu zuen Jainkoaren hasarre film laburra eskaini zuten ondoren. "Loperi buruz lau film egin dira, eta horietako bi herrian bertan, lehenengoa 1983an egindakoa, eta azkena iaz Anjel Leraren zuzendaritzapean, egin zuten film herrikoia", azaldu zuen Goenagak.

Bitxikeria moduan aipatu, Aranbururekin batera, beste bi Lope ere Kultura etxeko zinema aretoan izan zirela: Inaxio Zarketa, Xakeo eta Ibai Elortza.

Txokolaterixan eta Ibarrondo liburu-dendan eros daiteke liburua.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak