Hasi dira jai nagusiak antolatzeko bilerak egiten

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko uzt. 2a, 12:33

Irailaren 21ean izango da umeen danborrada

Hamabi kideko talde berri bat sortu da umeen danborradaz arduratzeko, eta atzo, astelehenean elkartu ziren, antolatzen hasteko. Jai batzordeak egin du lehen bilera, eta konpartsen eguna berreskuratzea izan da egindako proposamenetako bat.

Irailaren 28an hasiko dira herriko jai nagusiak. Ia hiru hilabete barru. Abuztua tarteko, udako oporren aurretik lotu behar izaten dira gauza gehienak, eta aurten ere hasita daude horretan. Jai batzordeak egin du lehen bilera, eta urteroko hitzorduen datak zehaztuta daude.

Batzorde berria danborradan

Haurren danborrada egitea kolokan egon da aurten. Azken urteetan antolatzen ibili den taldeak ez duela jarraituko adierazi zuen, eta Udalak bi deialdi egin behar izan ditu talde berria osatzeko. Hamar edo hamabi laguneko taldea beharrezkoa izango zela aurreikusten zuen Udalak, eta dozena bat herritarrek eman dute izena. Taldea, beraz, osatu da. Orain, antolatze lanetan hasiko dira. "Aurreko astean egin genuen eurekin lehen bilera. Aste honetan elkartuko dira eurak eta hasiko dira pentsatzen zer lan dagoen egiteko eta nola egingo duten. Eta gero, gurekin egongo dira euren erabakiaren berri emateko. Udalak egindako deialdiari erantzunda eman dute izena, eta antolatzeko gogoz daudela ulertzen dugu", dio German Meabebasterretxeak, Udaleko Kultura teknikariak. Jose de Azpiazu musika eskola arduratuko da aurten ere entseguak egiteaz eta musika koordinatzeaz. Udalak beharrezkoak diren azpiegiturak, diru laguntza eta materiala jarriko ditu antolatzaileen esku, baina danborradaren ardura hartuko duen batzorde horrek ere izango du lanik. Umeak izena emateko bideak eta epeak zehaztu, entsegu egunak eta tokiak erabaki eta arroparen ardura hartu, besteak beste.

Bi asteburutan

Umeen danborrada irailaren 21ean egingo da. Hurrengo egunean, berriz, Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa ohiko tokian. Eta, urtero moduan, astebete lehenago egingo da Haurren Eguna, irailaren 15ean.

Bi asteburu hartuko dituzte aurtengo San Migel eta Errosario jaiek, eta betiko ospakizun finkoak zehaztuta daude dagoeneko. Irailean zehar egingo diren horiez gain, kiroldegiko eta balkoitik balkoirako bertso saioak ere, esaterako, adostuta daude. Irailaren 28a zapatua da aurten eta oraindik zalantzan dagoena da egubakoitzerako, 27, zerbait antolatuko den edo ez.

Proposamenak

Joan den martitzenean egin zuten jai batzordearen lehen bilera eta herriko zazpi eragilek hartu zuten parte. Bakoitzak bere proposamenak egin zituen; adibidez, konpartsen eguna berreskuratzea. "Martiñolak egiten zuen lehen, eta duela bi urte desagertu zen. Hori berreskuratu eta egun batean kanpoko eta herriko erraldoi eta txorimaloen topaketa edo ospakizuna egitea proposatu dute", dio Kultura teknikariak. Oraindik herritarren nahiak jasotzeko prest daudela gaineratu du Meabebasterretxeak, uztailaren 25era arte jasoko dituztela kultura etxean. "Denak aztertuko ditugu eta aurrekontura egokitu gero, erabaki aurretik. 210.000 euro inguruko aurrekontua izango dute jaiek".

Azal lehiaketa

Bestalde, dagoeneko zabalik daude jaietako hainbat deialditako izen-emateak. Esaterako, Herri Egunean herriko taberna kudeatzeko izena eman daiteke dagoeneko, baita egun horretako herri bazkaria zerbitzatzeko ere eta artisau azokan parte hartzeko. Kultura etxean egin daitezke. Egitarauaren azala, berriz, lehiaketa bidez aukeratuko dute aurten, bi urteko hutsunearen ondoren. Uztailaren 15a da lanak entregatzeko azken eguna, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak