Oteizaren eta Arantzazuren arteko lotura jasotzen duen erakusketa zabaldu dute

Mireia Bikuña 2019ko eka. 29a, 15:30
Apostolu buruak, Oteizari buruzko erakusketan

Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 bilduma ikusgai dago Gandiaga Topagunean, urriaren 27ra arte. Erakusketak, arte prozesuaren bilakaera jasotzen du nagusiki, eta oso zehaztuta daude bilakaera horrek izan zituen etapak. Bisita gidatu gehiago egingo dituzte abuztuaren 24an eta urriaren 19an.

Aurten  Oteizaren obra Arantzazuko basilikako fatxadan instalatu zuteneko 50. urteurrena ospatzen da. Urtemuga horren baitan kokatzen da Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek elkarlanean osatutako bilduma. Elena Martin komisarioak zera dio: "bildumak Arantzazuko proiektuaren arte eta kultura aldetiko esangura aztertzea eta horri zabalkundea ematea suposatzen du".

Arantzazuko basilikaren fatxada izango zenaren lehen proiektutik hasi eta hamalau apostoluak ipini ziren arte egindako bidea laburtzen da argazkiekin, dokumentu zaharrekin, Oteizaren zirriborroekin, eskulturekin... Eta, era berean, bisitarien eskura daude apostoluen buruetako batzuk. "Apostolu buru bakoitzaren bederatzi zirriborro egin zituen Oteizak, eta horietako batzuk daude hemen", esan du Juan Biainek.

Argitalpenak

Bi argitalpen sortu dira programa honen baitan: Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 monografia eta Oteiza Arantzazun. Lehenengoan, luze eta zabal jasotzen da Oteizaren eskultura-proiektuaren bilakaera eta fatxadaren behin betiko itxuraketaren xehetasunak, euskaraz zein gaztelaniaz. Argitalpen honek 600 orrialde diru eta Arantzazuko proiektuari buruzko 40 irudi baino gehiago batzen ditu. Bigarrenak berriz, programa osatuko du. Proiektuaren bilakaera modu ikusgarriago batean azaltzen duen aldizkari gisa.

Bisita gidatuak

Bisita gidatuak  doakoak izango dira, bai Oteiza Museoan –urriaren 5ean, 12:00etan– baita Gandiaga Topagunean –abuztuaren 24an eta urriaren 19an, 12:00etan-. Guztiak gidatuko dira Elena Martinek. Arantzazuko erakusketa zabalik egongo da martitzenetik zapatura, 11:00etatik aurrera.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak