Leire Ugarte: "Espero dugu gure lorpenak beste batzuei indarra ematea, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko"

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko eka. 4a, 12:22

EHUko medikuntzako ikasgela bat (Argazkia: Medikuntzako asanblada)

EHUko medikuntzako ikasle talde batek, sare sozialetan eta komunikabideen bidez hizkuntza eskubideen urraketa salatu zuten pasa den astean. Ohorezko matrikularako hautagaien lanak baloratuko zituzten epaimahaiko kide guztiak elebidunak izatea eskatu zuten. Kexa publiko egiteari esker unibertsitatetik barkamen mezua jaso eta tribunala aldatzea lortu zuten. Ikasle horietako bat da Leire Ugarte oñatiarra, bere kasuan gainera, matrikula lortu du.

Medikuntzako ikasleek hizkuntza eskubideei lotutako hainbat aldarrikapen egin dituzte azken urteetan. Azkena gradu amaierako lanarekin ohorezko matrikula lortzeko aukera zuten ikasleek egin dute. Tribunalaren aurrean lehenengo aldiz ikasle guztien lanak aurkeztu zituztenean ez zutela arazorik izan azaldu du Leire Ugartek, "euskaraz aurkezten genuenok euskarazko tribunal bat geneukan, eta gaztelaniazkoek beraiena". Lanak aurkeztu ostean Donostiako medikuntzako ikasle guztien artean –euskaraz zein gaztelaniaz ikasten zutenak– sei aukeratu zituzten ohorezko matrikula lortzeko hautagai moduan. Epaimahai bera izango zuten ikasle guztiek: "Donostiako kasuan, hiru gaztelaniazkoak eta hiru euskarazkoak aukeratu zituzten, eta tribunala osatzeko ere hiru euskarazko irakasle eta hiru gaztelaniazko hautatu zituzten, eta horietatik bik ez zuten euskaraz ulertzen".

 "Gaztelaniaz aurkezteko presioa sentitu genuen bigarren mezuarekin"

Epaimahaiko kide guztiek euskarazko aurkezpena ez ulertzea desabantailatzat hartu zuten ikasleek, erabakia euskaraz ulertzen zutenek hartuko zutela esan bazieten ere. Ugartek azaldu duenez, ohorezko matrikula lortzeko hautagaiak zirela azaltzen zitzaien lehenengo mezuan, bestelako datuen artean hizkuntzari lotutako paragrafo bat zetorren, baina ikasleek beraien artean hitz egin ostean, ezer ez egitea erabaki zuten. Horren ostean, maiatzaren 27an, beste mezu bat jaso zuten, kasu horretan soilik lana euskaraz aurkeztuko zutenek, "mezu guzti hori hizkuntzari buruz zen eta gaztelaniaz aurkezteko presioa sentitu genuen". Gaztelania hutsean jaso zuten bigarren mezu hori sare sozial bidez zabaltzea erabaki zuten. Bertan irakurri daitekeen moduan, aurkezpena euskaraz egiteko aukera zutela esaten bazitzaien ere, tribunaleko kide guztiek euskaraz ez zekitela kontuan izanik, gutxienez diapositibak "gaztelaniaz edo ingelesez aurkezteko ahalegina" eskertuko zitzaiela azpimarratzen zen.

"Egia esan, ez genuen espero horrelako oihartzuna izatea eta dekanotzaraino iristea"

 

Egoera salatzeko erabakia hartu zuten bigarren mezuaren ostean

Oñatiarrak azaldu duenez, Leioako kasuan egoera are larriagoa zen, epaimahaiko bost kideetatik soilik batek ulertzen baitzuen euskaraz. "Bagenekien bazituztela epaimahairako aukera gehiago, gure irakasleek esan baitziguten beraiek parte har zezaketela epaimahaian". Gainera, "Leioako ikasle batek esan zigun duela bi urte hango fakultatean beste neska bat ere kexatu egin zela, baina ez zen gehiagora joan". Egoera zein zen ikusita, "jasotako posta elektronikoa publiko egitea erabaki genuen, jendeak gertatutakoa baloratu zezan. Irudia hor egonda ikusi nahi genuen ea EHUk erantzuten zuen, mezuan nahiko garbi ikusten baitzen zer eskatzen zuten". Facebooken argitaratzea erabaki zuten eta izandako oihartzunak harritu egin zituen: "Jende askok partekatu zuen eta ostean BERRIAtik ere idatzi ziguten".

Dekanotzatik barkamen eskaera

Aldarrikapena publiko egin ostean, dekanotzatik mezu bat jaso zuten guztiek, barkamena eskatuz: "Hala ere, bidali ziguten hasierako mezua dekanorde batek idatzi zigun gaztelaniaz, eta barkamena berriz beste pertsona batek eskatu zigun; eta horrek ere zerbait esaten du". Bi egun igaro ostean, beste mezu bat jaso zutela azaldu du Ugartek:  "Dekanoak idatzi zigun aurkezpena egin aurreko egunean, esanez tribunala aldatu zela eta elebiduna izango zela".

"Merezi izan zuen"

Maiatzaren 31n, pasa den egubakoitzean, aurkeztu zituzten gradu amaierako lanak tribunal elebidunaren aurrean, Leire Ugartek gainera ohorezko matrikula lortu zuen. Matrikula lortzeaz gain, oñatiarrak egin zuten salaketarekin lortu dena azpimarratu du: "Kontu guzti hau publiko egiteak datozen urteetan zorionez berriro ez errepikatzea ekarriko du, eta espero dugu beste batzuei ere indarra ematea, euskaraz baldintzak betetzen ez direnean egoera hori salatzeko".

Leire Ugarte 2017an Senegalen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak