Adin batetik aurrera pertsonen erorketen kopurua asko igotzen dela ikusten dute osasun etxeko langileek kontsultetan, eta erorketa horiek prebenitzeko tailerra antolatu dute.
Alfonbrarik ez
Etxean gertatzen diren erorketak nola ekidin aztertuko dute, batez ere, tailer horretan. Izan ere, norberaren gelan gertatzen dira erorketa gehienak. "Adinekoen erorketen zergati nagusia adina bera da, baina neurri batzuk hartu daitezke gutxiagotan jausteko. Edadetuen erorketa gehienak, adibidez, euren logeletan izaten dira. Horregatik, komenigarria da, esaterako, gela horretan alfonbrarik ez jartzea. Etxeko zapatilak itxiak izatea ere hobea da irekiak edo galtzerdiak bakarrik janztea baino, irrist egiteko aukerak gutxitu egiten direlako. Eta gelan argi nahikoa izateak eta gauerdian komunera jaikitzean argia piz-teko ohitura izateak bere garrantzia dutela ere inportantea da". Azalpen horiexek emango ditu, besteak beste, anbulatorioko erizainen koordinatzaileak, Kizkitza Alustizak.
Laguntzak
Alustizak emandako datuen arabera, 65 urtetik gorakoetan hirutik bat jausi egingo da datorren urtean, eta 80 urtetik gorako bitik bat. "Erorketaren ondorengo errekuperazioa luzea izan daiteke hainbat kasutan, eta askori bizimodua aldatzen zaie, muga handiagoak izaten dituzte-eta gero. Horregatik, tailer honetan lurretik nola jaiki behar den eta gero zein laguntza dauden ere azalduko dute. "Istripu horren ondorioz behar jakin batzuk edo laguntza konkretu batzuen beharra izan ahal dute pertsona horiek, eta horiek zeintzuk diren eta non eskatu ahal dituzten ere azalduko diegu. Esaterako, ortopedia aparailuei buruz hitz egingo dugu, baina baita Udalak ematen dituen laguntzei buruz ere, izan teleasistentzia, etxez etxeko laguntza edo beste zerbitzuren bat", adierazi du Alustizak.
Anbulatorioan
Datorren astean egingo den ikastaroa herriko edadetuei zuzenduta dago, baina baita euren zaintzaile edo senideei ere. Ekainaren 3an eta 5ean izango dira ikastaro teoriko eta praktikoak, Euskaldun Berria gelan, doan. Izena, baina, aurrez eman behar da, anbulatorioan. Hauxe da hango telefono zenbakia: 943 03 54 00. Plazak mugatuak dira; 30 lagunetan jarri dute muga. Ikastarora arropa erosoarekin joatea da gomendioa.