Herriko curriculuma lantzen duen Hurretik egitasmoaren baitan, Arantzazuko santutegian bisita gidatua egingo dute bihar, zapatua, 10:00etan hasita. EHUko Arte Ederretako Arte Historiako irakasle eta arte-kritikari Ismael Manterolaren eskutik izango da. "Ordubete inguruko saioa egingo dugu, eta interesa duen edozeinendako izango da, berdin da arteri buruz jakin edo ez", azaldu du Manterolak.
Bisita gidatua doakoa da, baina aurrez izena emateko gomendatu dute, 943 78 34 53 zenbakira deituta.
Arantzazu balioan jarri beharra
Hainbat urtetan bide izkinan egon ondoren, ekainean beteko dira 50 urte Jorge Oteizak egin zituen apostoluak santutegiko fatxadan jarri zituztela, eta gertakari horiek ekarriko ditu gogora Manterolak biharko saioan: "Garrantzitsua da Oteizaren proiektua ondo ulertzea eta egon diren zailtasunak eta debekuak kontuan hartzea, garaiko giroa oso ondo ilustratzen duelako. Arantzazu proiektu interesgarria izan zen, eta urteekin interes maila irabaziz doa; hala ere, ez dakit, orokorrean, behar beste ezagutzen den; hortaz, nire lana jendearen interesa piztea izango da. Eraikinaren kanpoaldean hasiko gara proiektuaren testuingurua azalduz, eta ondoren, elizako elementu batzuk ikusiko ditugu: erretaula, Arantzazuko Basilikan dauden Oteizak egindako apostoluak. Argazkia: edo Amabirjinaren tokia; aukerarik badugu, kripta ere bai".
Eulateri buruz, haurrentzako
Arantzazu Gaur Fundazioak, Arantzazuko Adiskideak elkartearekin elkarlanean, basilikan lan egin zuten artistak eta horien lanak ezagutarazteko lantegiak antolatzen ditu, eta hala egingo dute zapatuan eta ekainaren 15ean Xabier Alvarez de Eulate oinarri hartuta. "Haren obra plastikoari buruzko lantegi dinamikoa izango da; Eulate zen modukoa", diote antolatzaileek.
Donostiako Maushaus estudioaren eskutik, eta 6 eta 12 urte bitartekoentzako izango da. Izena eman behar da, info@arantzazugandiaga.com helbidera idatzita edo 943 71 65 75 edo 662 18 13 53 telefonora deituta. Arrakasta handia izaten dute; horren erakusle da biharkoa beteta dagoela dagoeneko.