Bazkideei urtean kontzertu bat eskaintzeko ohitura du Ganbara abesbatzak. Maiatzeko azken domekan izan ohi da eta aurtengoa beraz, domekan, maiatzaren 26an, izango da; San Migel parrokian, 19:00etan.
Ganbarako zuzendari Aitor Biainek esan duen moduan urtero egiten dute saiakera kontzertu hori berezia izan dadin, eta aurten ere horrela izan da. "Benito Lertxundiren kantuak abestu genituen duela bi urte, adibidez. Iaz Beatles taldearenak eta aurten Alardeen itxura izango duen emanaldia prestatu dugu. Alardeen itxura izango du baina musika moderno eta euskal abesti ezagunen konponketa modernoez osatuta egongo da programa".
100 lagun inguru
'Txistu eta ahots doinuak' izeneko kontzertu honetan 90 ahots entzungo dira eta hamar instrumentu; 100 lagun inguruk hartuko dute parte. Betiko euskal abesti ezagunak abestuko dituzte eta publikoak ere kantatzeko aukera izango du. Entzungo diren abestietako batzuk dira, adibidez: 'Bizkaia maite', 'Oi ama Euskal Herri' edo 'Lau teilatu'.
Programa honetan Ganbara Faktoria osatzen duten taldeek hartuko dute parte batetik: Ganbara Txikitxok, Ganbara Txikik eta Hots taldeak. Eta bestetik, musikari talde batek, txistuz, silbotez, pianoaz, baxu elektrikoaz eta perkusioz osatutakoa. Aita Madina txistulari taldeko musikariek ere hartuko dute parte.
Bazkideak
Gaur egun 103 bazkide ditu Ganbara Faktoriak (23 lagun eta 80 bazkide). Horiez aparte, ohorezko bazkide dira Oñatiko Udala eta Ulma enpresa. Aitor Biain zuzendariak esan duen moduan helburua da datozen bi urtetan 150eko kopurua heltzea eta horretarako bideak zabaldu dituzte bazkide egiteko: kontzertu egunetan edo abesbatzaren webgunean sartuta egin daiteke.
Domekako emanaldia bazkideendako propio antolatutakoa izango da baina bazkide ez direnak ere joan ahal izango dira. Sarrerak Txokolatixian daude salgai zortzi eurotan; parrokian ere egongo dira emanaldia hasi aurretik.
Humanity at Music
Aste honetako emanaldiaz gain datozen aste eta hilabeteetan egingo dituzten ekitaldien berri ere eman du Aitor Biainek. Ekainaren 9an, esaterako, Oñatin entzungo da MCCko sinfonia korala, Humanity at Music ekitaldia Oñatin egingo da-eta. Eta Ganbarak hartuko du parte bertan. Uztailaren 26an, bestalde, Baionan abestuko dute eta azaroan, lehen jakinarazi zuten moduan, Argentinara joango dira han beste lau kontzertu egitera. Urte amaieran, abenduan, kontzertu berezia egingo dutela ere esan du.
Ganbara kantu eskolak ere proiektu bat baino gehiago ditu eskuartean. Horien artean: herriko industriak ezagutzeko egingo dituen emanaldiak, 'Afrika kantari' ikuskizuna ekainean eta 'Koloretako monstruoa', emozioak landuko dituen proiektu musikala. Hots abesbatzak, bestalde, joan den urtean baino emanaldi gehiago egiteko asmoa du aurten. Bereziena irailaren 21ean, Alzheimerraren nazioarteko eguna, egingo duen 'Oroimenean' proiektua izango da. Gabonetan, berriz, 'Winter songs' kontzertua egingo du orkestra batek lagunduta.