"Pertsonak erdigunean jartzen dituen proiektu argi eta sendo bat" izango duen programa prestatu du EAJ alderdiak maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundeetarako, Ainhoa Galdos zerrendaburuak prentsa ohar bidez adierazi duen moduan. Gaineratu du talde jeltzalea "berme bikoitzarekin" aurkeztuko dela, "urteetan udaletxean egindako lan ona" kontutan hartuta, "bai gobernuan egon garenean kudeaketa gaitasuna frogatuz eta baita oposizioan egon garenean ere, erantzukizunez eta herritarren interesa lehenetsi" dutelako.
Hauteskundeetarako osatu duten taldeari buruz, ibilbide osagarriak dituzten herritarrekin osatutakoa dela esan dute jeltzaleek, "udal kudeaketan esperientzia dutenekin eta baita udalgintzaren erronkari lehen aldiz helduko diotenekin ere, ikuspuntu berri eta askotarikoak erakarrita".
Sozioekonomia
Aihoa Galdosen hitzetan "herri proiektu sendo bat" prestatu dute, "erronka berrien aurrean prest egoteko eta etorkizuneko Oñati eraikitzeko". Hala, "oñatiarren bizi kalitatea eta ongizatea helburu", "ikuspuntu erabat sozioekonomikoa" duen programa prestatu du.
Lehentasuna emango dio, adibidez, herriko kale eta auzoen garbitasunari. Hondakinei lotuta, "Oñatin egun martxan dagoen eta ondo funtzionatzen duen soluzioa" proposatzen dute: "landa auzoetan dagoen modura, edukiontzi bidezko sistema garbi, eraginkor eta erosoa herri osora zabaltzea". Irisgarritasunari ere garrantzia emango diote eta hobekuntza lanak egin gura dituzte herriko hainbat gune eta kaletan.
Arlo sozialean, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, adinekoen arreta eta osasuna eta gazteendako aukera berriak gura dituzte. Horretarako, adibidez, mendekotasun maila txikiagoa dutenendako eguneko arreta zentroa jarri gura dute martxan Aldundiarekin.
Tokiko merkataritza indartzea eta lehen sektorea bizirik mantentzea ere badira jeltzaleen beste arduretako bi. Laguntzak aurreikusten dituzte lokal hutsen erabilerarako, ganaduzaleendako edo baso jabeendako.
Kirol azpiegituretan berriz, "kanpoko igerilekuaren eta aisialdi gunearen proiektua bideratu" gura dutela gaineratu du jeltzaleen alkategaiak. Urrutxun atletismo eta osasun zirkuitua, rokodromo homologatua eta txirrindulariendako in-door aretoa dira jeltzaleen proposamenetako batzuk datorren agintaldirako