Zenbat kostatu zitzaizun alkategai izateko proposamenari baiezkoa esatea?
Guztiz sorpresaz harrapatu ninduen, eta proposamena jaso eta denboratxo bat behar izan nuen hausnartzeko. Aurretik ere egin zidaten beste planteamendu bat, baina orduan, lan kontuak-eta tarteko, ezezkoa eman nuen. Etxean egin nuen kontsulta, horrelako lan batek etxekoen babesa ere eskatzen duelako. Zergatik esan dudan baietz? Banuelako gogoa horrelako zerbaitetan inplikatzeko, eta etxean eta lanean ere animatu nautelako.
Aurretik, zein harreman izan duzu politikarekin?
Harreman txikia, egia esan. Jarraitu izan dut politika, eta botoa ere beti eman izan dut. Baina militante moduan, zuzen-zuzenean politikan sartuta, ez naiz ibili; beste era batera, beste esparru batzuetan landu dut militantzia.
Irabazten duenak irabazten duela ere, emakume bat izango da Oñatiko hurrengo alkatea. Zertan igarriko da hori? Edo zertan igartzea gustatuko litzaizuke?
Berdintasunaren esparruan lehenengo pausuak ematen hasi gara, baina nik uste dut hori herrian arlo guztietan igarri beharko litzatekeela. Gure asmoa da politika feministak zeharka txertatu eta aplikatzea esparru guztietan. Espero dut hurrengo alkateak, emakumea izanda, izango duela sentsibilitate hori.
Zela definituko zenuke EH Bilduren zerrenda?
Oso pozik nago, askotariko jendea dugulako, herriko alor ezberdinetan lanean ibili dena. Zerrendako jendea oso animatuta dago, lanerako gogo handiarekin. Behin alkategaia izango nintzela jakinda, buru-belarri ibili naiz ni ere zerrenda osatzeko lanetan: EH Bilduko kide guztien iritzia entzun dugu, baina nire onespena ere izan dute zerrendakide guztiek; saiatu naiz proposamena egiterakoan, lehenengo kontaktua izaterakoan, denekin egoten.
Aurreko agintaldiari erreparatuz, zinegotzi izandako bik bakarrik errepikatzen dute zuen zerrendan; eta horietako batek ordezko moduan. Nahita bilatu duzue taldea berritzea?
Bai eta ez. Freskotasuna, ideia eta gogo berriekin dagoen jendea bilatu gura izan dugu. Eta gogoarekin lotuta, esan behar da aurreko agintaldian egon diren zinegotziek lan asko egin dutela, baina etxearen eta lanaren arteko oreka bilatu nahian, nekatuta ere badaudela, atseden beharrean. Baina badakigu, lehen lerroan egon ez arren, izango dugula haien laguntza.
Horrek ez du zailduko martxan jarritako proiektuen jarraikortasuna?
Uste eta espero dugu ezetz. Alkategai bezala hautatu ostean, banabil Mikelekin [Biain] harremanetan gauzak nola dauden ikusten, jarraikortasun bat eman guran. Hauteskundeen ostean, emaitzen arabera zinegotziak zeintzuk izango diren erabakitzen denean, saiatuko gara jarraikortasuna ematen. Argi dago lehenengo fasean motelxeago joango garela, baina saiatuko gara, bai.
Zuretzat, zeintzuk dira momentu honetan Oñatik, herri bezala dituen behar nagusienak?
Gure programan lau zutaberi eman diegu garrantzia. Batetik, pertsonak erdigunean jarri gura ditugu: pertsonen duintasuna bermatu behar dugu; denak bizi behar dugu ondo. Zentzu horretan, hiru taldetan jarriko dugu fokua: gazteengan, helduengan eta aniztasun funtzionala dutenengan. Esaterako, laguntzak emango dira etxebizitza eskubidea bermatzeko eta irisgarritasun planarekin ere jarraituko dugu. Lan baldintzak hobetu; bertako merkataritza sustatu; eta zaintza duinak eta kalitatezkoak bermatu gura ditugu.
Pertsonen askatasuna da bigarren zutabea, eta hor, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean bila, zeharkako politika feministak jarriko ditugu martxan; ezberdinen arteko elkarbizitzaren alde ere egingo dugu. Hirugarren zutabean kultura dugu: herritar guztien eskura jarri nahi dugu, unibertsala izatea, eta euskara bultzatzen jarraituko dugu. Laugarren eta azken zutabea ingurumena da. Esparru horretan, mugikortasun jasangarriaren eta energia berriztagarrien alde egingo dugu eta landa eremuko beharrei erantzuteko gune bat sortuko da.
Zeintzuk izango lirateke alkate izango bazina hartuko zenituzkeen lehen neurriak?
Lehen aipatutako lehentasunetatik abituko nintzateke. Aurreko agintaldietan lanaren publifikazioarekin lotuta jarraitu diren politikak eta egindako lanketa ikusita, udaletxeko beste lan batzuen egoera aztertu eta hobetzea gustatuko litzaidake; lehentasuna sektore feminizatuei emanaz. Eredua emateko egin nahi dugu hori, baina batez ere gure esku dauden kolektibo eta taldeei lan duin eta kalitatezko bat eskaintzeko; hor dago, esaterako, zaintza lanen kasua. Kiroldegia ere hor dago: martxan jarritako lanei jarraipena emango diegu. Etxebizitzaren gaiari ere heldu nahiko nioke; eta nahiko azkar egin beharrekoen artean dago baita ere Musika Eskolaren eraberritzea. Merkataritza plan estrategikoa ere abiatu gura dugu.
Oñatin, bada pobreziarik?
Nik ditudan datuen arabera, Oñati, herri moduan, nahiko ondo dago. Baina badaude gutxienekotara iristeko arazoak dituztenak, eta ezin daiteke esan zero pobrezia-rik dagoenik. Horiei laguntzeko laguntza ildoak bideratzen jarraitu beharko dira.
Auzoekin zein lanketa egin gura duzu?
Konturatu behar gara auzoak ere herrian daudela, herriaren parte direla, eta azken agintaldian saiatu bezala, duten garrantzia eman behar zaie. Bai auzoei, eta baita landa eremuei ere. Landa eremuek dituzten beharrei udaletik errazago eta zuzenago erantzun ahal izateko, sindiko-aren figura berreskuratu nahi dugu, bien arteko komunikazioa samurtzeko. Auzo-alkateetatik aparte egongo litzateke sindiko-aren figura.
Sarri esaten da Oñati, garraio ikuspuntu batetik, nahiko isolatuta dagoen herria dela. Horrela dela uste duzu? Zer egin daiteke hori hobetzeko?
Oñatin zulo batean gaudela esan ohi da, bai, baina esango nuke Elorregin geltokia jarri denetik gauzak dezente hobetu direla. Hori indartu beharko litzateke. Oñatiar askok du herritik irteteko beti autoa hartzeko ohitura; baina badira baita ere, helmugako herrian aparkatzea zaila dela ikusita, garraio publikoa gero eta gehiago erabiltzen dutenak. Lotura onak eta sarri egongo balira, gehiago erabiliko genituzke autobusak. Eta proposamenen edo konpromisoen artean dugu lineak, maiztasuna eta Elorregiko geltokiko zerbitzuak hobetzea.
Herri barruko mugikortasunari dagokionez, nola ikusten duzu egoera?
Mugikortasun jasangarri baten aldekoak gara, eta hartutako erabaki edo egindako apustuak norabide horretan doaz. Egoera hobetu egin da. Jendeak erabiltzen du Herribusa kanpoaldetik erdigunera joateko eta nabari da autoa gutxixeago erabiltzen dela. Bizikleta gehiago ikusten da, eta autotaxia ere jarri da martxan. Zazpibidetako edo Txaketuako bidegurutzea asteburuetan itxita egoteak ere lagundu du horretan. Argi dago badaudela hobetzeko gauzak, baina herritarrak badabiltza kontzientziatzen, eta hori indartzea nahi dugu.
Gehiengo osoa izan du EH Bilduk zortzi urtez. Horri eustea da zuen buruari jarri diozuen helburua?
Ahal den heinean bai! Badugu hori horrela izango den itxaropena, azken urteetan jendea gustura ikusi dugulako. Azken hauteskundeetan ikusi dugu jendeak EH Bildurekin jarraitzen duela, eta hori, Espainiako Gorteetarakoak zirela. Udalekoetan ere hala izatea espero dugu, baina ezin gara erlaxatu eta lan egin beharko da Maiatzaren 26rako jendea animatzeko.
Gehiengo osoa ezberdin ikusten da agintean edo oposizioan egon...
Gobernuan egonez gero, oposizioari beti entzun behar zaio, eta haren proposamenek norbere ideiekin edo egoeraren beharrekin bat egiten badute, aukera eman. Herritarren zati bat oposizioarekin dago, eta ondorioz, entzun egin behar zaio; gero, ikusiko da aurrera egin edo ez.
Eta alkatea beharrean, oposizioko buru izatea egokitzen bazaizu?
Lanean jarraitu beharko da: oposizio on bat egin eta gure ideiak besteei ikustarazten saiatu. Nik hasieratik izan dut buruan bi aukerak daudela, dena ez dugula eginda edo irabazita. Baiezkoa eman nuenean ere argi neukan hori.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aipatu dituzu lehen. Zein irakurketa egiten duzu emaitzen inguruan?
Espainia mailan, jendea mugitu egin da eta zorionez lortu da eskuinak ez irabaztea; Euskal Herrian ere ondo irten dira gauzak; eta Oñati mailan, hobeto. Egon den parte-hartzea azpimarratuko nuke nik: beldurra zegoen eskuineko alderdien aurrean, eta denok aktibatu eta botoa ematera joan gara. Ikusiko da Udal hauteskundeetan zer gertatzen den parte-hartzearekin, lehen aipatu dudan beldur horren faltan jendea lasaitu egin daitekeelako. Onena baina, parte-hartze handia egotea izango litzateke.
Zein duzu Oñatiko txokorik gustukoena?
Asko ditut! Baina Arantzazu auzokoa izanda, hor geratuko nintzateke: baserritik irten eta basoetan edozein txokotan galdu!
Estres egun baten ostean, zer egiten duzu erlaxatzeko?
Denbora dudanean asko gustatzen zait korrika egitea, baita mendiarekin eta naturarekin lotutako jarduerekin deskonektatzea ere.
Pentsatu duzu nola kontziliatuko dituzun Udaleko jarduna eta bizitza pertsonala?
Buelta larregi ere ez dizkiot eman, momentua heltzen denerako uzten dut beti. Argi dago hori beste erronka bat izango dela. Mikelek eta gainerakoek behin baino gehiagotan esan digute oreka bilatzeko, egiteko lan asko dagoelako eta oreka zaintzen ez badugu, lanak jango gaituelako.
Auzo eta kaleetakoak direla eta, Oñatik jai askoko herria izatearen fama du. Zeintzuk dira gehien gustatzen zaizkizunak?
Gazteagoak ginenean herriko jaietan, San Migel Txikietan, Corpus bezperan... ibiltzen ginen parrandan. Arantzazuko jaiak ere lehen bazuten indarra, eta gaur egun egitarau laburragoa izan arren, beti dago patata tortilla lehiaketaren bat. Nahiz eta denetara ezin heldu, jai guztiek dute euren xarma.
Zentzu horretan, Oñati herri aktiboa dela esango zenuke?
Bai, bai jaiekin eta baita bestelako kontuekin lotuta ere. Eragile pila bat dago herrian, eta agendari begiratuz gero, beti dago zerbait. Herri aktiboa da oso, beste batzuentzako eredu.