Ainhoa Galdos Olazar, Oñatin jaio zen 1966ko martxoaren 5ean. Bi alaben ama da eta musika eskolako irakaslea (1989tik). Lenguaia musikala eta pianoa erakusten du han eta umeen eta Aloña jubilatuen abesbatzako zuzendaria da. 2003an zinegotzi sartu zen Oñatiko Udalean eta hiru agintaldi egin ditu zeregin horretan (gobernuan bi eta oposizioan bat); Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide ere izan da Markel Olanorekin eta Martin Garitanorekin.
Alkategai izateko proposamena jaso eta zenbatera eman zenuen erantzuna?
Azken lau urteak buru belarri ibili naiz musika alorrean lanean eta ikasten, nire lanbidean. Politikara bueltatzea ez nuen baztertuta baina ez nuen espero proiektu berria hain jarraian etorriko zenik, gainera alkate izateko erronka handiarekin. Txip-a aldatu eta baiezkoa ematea erabaki nuen.
Zergatik erantzun zenuen baietz?
Herrigintza gustatzen zaidalako eta EAJ alderdiarekiko dudan konpromisoagatik. Egia da alkate izatea erronka handia dela, baina arduraz hartzen dut, arduraz eta gogotsu. Dena den, bi egoeretarako nago gertu: gobernuan egon edo oposizioan egon, herritarrendako egingo dugu lana.
Zer esan dizute etxekoek?
Asko animatu naute, alaba gazteenak batez ere. Nik gura dudana baldin bada aurrera egiteko esan dit. Nik ere pasa dut hori; hamahiru urte nituela alkatearen alaba nintzen, sasoi gogorretan. Ni zinegotzi izatea ere pairatu dute alabek eta eurei galdetu nien, iritzia jakiteko. Amak ere babestu nau. Etxekoen babesa garrantzitsua da, indar handia ematen du horrek, ezinbestekoa da. Lagunen aldetik denetariko iritziak jaso ditut: batzuek ez dute ulertzen nola edo zergatik gustatzen zaidan herrigintza eta beste batzuk ordea aurrera egiteko animoak eman dizkidate. Izendapena jakinarazi genuenetik bat baino gehiago hurbildu zait kalean zorionak ematera eta horrek ere poztu nau.
Politika gertutik jarraitu duzue familian. Zeu ere ibilitakoa zara. Lagungarria izango zaizu esperientzia hori?
Bai, uste dut asko lagunduko didala. Oso harro nago orain arte politikan egin ditudan urteekin. Gustatzen zait herrigintza.
Zer behar ikusten dizkiozu Oñatiri?
Kudeatzeko eredua da EAJren zigilua eta azken 30 urte hauetan alderdi jeltzaleak hartutako erabakiek eta buruzagitzak lan handia egin dute Oñatiren alde. Lan horren emaitza da egungo Oñati: Turismo Bulegoa, Olaburu, parketxea, Arrikrutz kobak, Santa Ana, gaztelekua, gizarte zerbitzuak, pisu tutelatuak edo udal euskaltegia adibidez. Ekonomia aldetik, bai industrian baita lurretan, lan handia egin da eta gizarte kohesionatu bat eta ekonomia indartsu lortu da, herritarren ongizatea bermatzen duena. Egia da egun Oñatin bizi kalitatea ona dugula baina ekonomiari lagundu egin behar zaio eta hori ingurugiroarekin lotu behar da. Eta kudeaketa aldetik herria nahiko geldi dagoela iruditzen zaigu, haratago joan behar garela. Herria biziberritu egin behar dugu eta etorkizuneko Oñati elkarrekin eraiki.
Proiektu konkretuagoak aipatuz gero, uste dut kultura etxea txiki gelditu dela eta Jose de Aspiazu musika eskolak ere badu berritu beharra. 450 ikasle daude gutxi gorabehera eta eraikina ez dago egoera onean. Datorren agintaldian azterketa bat egin beharko genuke etorkizuneko musika eskolak nolakoa eta non kokatuta egon beharko litzatekeen ikusteko. Eguneko zentroan ere plaza gehiago behar dira.
Eta beste edozein herrik Oñatiko zein ezaugarri, ohitura edo eredu inportatu beharko luke hemendik?
Ingurua oso ederra du Oñatik, polita, eta ondo zainduta dago. Iruditzen zait lehen sektoreko herritarrek ingurugiroa zaintzeko egiten duten lana garrantzitsua dela oso, ingurumenari ekarpen handia egiten diotela.
Zeintzuk izango dira EAJren ardatz nagusiak?
Pertsona jartzen dugu zentroan eta bere ongizatea lortzeko neurriak jaso ditugu programan. Herriaren txukuntasunaren, garbitasunaren (bosgarren edukiontzia egoteko proposamena egin gura dugu, landa auzoetan dagoen moduan) eta irisgarritasunaren (Moyua eta Lizaur kaleetan adibidez) alde egingo dugu; baita adin guztiendako herri atseginagoa, lagunkoiagoa eta berdinagoa izateko. Gizartearen zahartzeari eta bakardadearen arazoari garrantzia handia ematen diogu, eta aukera berriak gazte eta nerabeendako. Hamasei landa auzoak ere estrategikoak dira. Tokiko merkataritza indartzea ere ardatz nagusietako bat da (lokal hutsak alokatzeko erraztasunak eman). Bestalde, uste dugu adikzioaren arazoa larria ari dela izaten eta horren diagnostiko bat egin gurako genuke. Bestalde, faltan botatzen dugu migranteen etorrerari erantzuteko plan integral bat ere. Herritarren parte-hartzea bultzatzea ere gura dugu eta kulturako azpiegituren inbentario bat egitea. Urrutxuko gunea ere kirolerako zuzendu gura dugu eta kanpoko igerilekua eta aisialdi gunea egiteko aukera bideratu. Baita garraio publikoa hobetu ere.
Natura, historia, monumentuak, lasaitasuna... Oñati moduko herri turistikoetara joaten zara oporretan?
Bai. Mendia gustukoa dut eta baita itsasoa ere. Ama gernikarra dugu, han pasatzen ditugu udako oporrak eta Urdaibaira joatea ere gustatzen zait. Arte zalea naiz eta hiriak ezagutzera joatea ere gustatzen zait.
Kanpoko bati nola azaltzen diozu Oñati nolakoa den?
Arantzazu, adibidez, kultura erreferente bat da eta ematen diet horren berri. Natura, kobak eta ondarea ere badituen herria dela azaltzen diet eta herri bizitza duen herria dela.
Eta zuretzat, zein da herriko txokorik gustukoena?
Olatetik errotara doan bidean dagoen erreka bazter hori. Errekaren hotsa, lasaitasuna... oso gustura egoten naiz inguru horretan.
Presa da egungo gizartearen gaitzetako bat. Zer egiten duzu zuk estresa gainditzeko?
Mendira joan, musika entzun, irakurri...;opor garaia aprobetxatzen dut irakurtzeko, gustatzen zait eta asko irakurtzen dut sasoi horretan.
Teknologien zalea zara edo beharragatik erabiltzen dituzu?
Beharrezkoak dira teknologiak, lanerako batez ere. Ez naiz, esaterako, sare sozialen erabiltzailea, beste hizkuntza bat da nirea, baina musika entzuteko eta bilatzeko, adibidez, tresna onak dira.
Nola pasako zenituzke bost egun mobilik gabe?
Ba oporretan hobeto lan sasoian baino. Ez dut menpekotasunik baina beharra bai.
Euskaraz bizi zara. Zer moduz moldatzen ara beste hizkuntzatan?
Gaztelaniaz gain ingelesez moldatzen naiz ondoen, baina aitortzen dut asko hobetu beharra dudala.
Feminismoa eta ingurugiroa. Zein da zure konpromisoa bi gai horrekiko?
Feminismoan dudan konpromisoa handia da oso. Berdintasunean asko dago egiteko oraindik eta hor egin behar da lana. Herri mailan berdintasun plana eguneratu gura dugu eta udal proiektuetan txertatu. Kontziliaziorako planak ere egin behar dira, langileekin, sindikatuekin eta enpresekin batera elkarlanean. Emakumeen kontseilua indartu behar da. Eskubideen inguruan, emakumeok oraindik ez ditugu gizonezkoen eskubide berdinak, lan munduan adibidez, eta berdinak izatea lortu behar dugu. Indarkeria lakra bat da, asko sufritzen dut gai horrekin.
Ingurugiroari buruz, ondare bat da eta zaindu eta babestu egin behar dugu. Ingurugiroarekiko konpromiso handiagoa hartu beharko genuke guztiok, politikariok zein herritarrok.
Konpromisoa aipatuta, krisian dagoen balore bat da?
Pertsonen indibidualismoa gero eta handiagoa dela iruditzen zait, bai. Boluntarioak badaude, zorionez, lan handia egiten dute, baina egia da gehiago egon beharko liratekeela.
Izaro Elorza eta Aitziber Fernandez dira beste bi alkategaiak. Ezagutzen dituzu? Hitz egin duzu eurekin?
Izaro bistaz ezagutzen nuen, bai; Aitziber ez nuen ezagutzen. Oraintxe ezagutu ditut. Egia da adin tarte handia dagoela gure artean.
Emakumea eta oñatiarra izango da alkate berria. Zertan nabarituko da hori herrian?
Gu ere arduratsuak eta langileak gara eta hori ona izango da herriarendako. Hala ere, nabarmendu gurako nuke lan taldea izango dugula ondoan, garrantzi handia du taldeak eta nik talde sendoa dut, babes handia ematen dit horrek; lanerako ilusioz gaude.
Espainiako hauteskundeak egin dira duela aste batzuk. Foru eta udal hauteskundeak datoz orain. Uste duzu aldatzen dela botoa emateko jendeak izan dezakeen arrazoia hauteskunde batzuetan eta besteetan?
Bai. Oraingo hauek gertukoak dira, hurbilekoak, eta uste dut herritarrak beste hauteskunde batzuetan baino gehiago begiratzen diotela alderdi bakoitzak eskaintzen duen programari.
Nolako gizartea gurako zenuke zure alabendako?
Errespetuan eta aniztasunean oinarritzen dena; bizikidetza hori berreskuratzea ezinbestekoa da. Parte-hartzaileagoak izan behar gara denok, geuk egin ekarpenak eta besteek egiten dituztenak entzun eta adostu. Pasatu dena ere ezin dugu ahaztu, memoria historikoa garrantzitsua da. Eta gure kultura eta euskara ahaztuko ez dituena; euskara gure ondarea da eta erabili egin behar dugu.
Ze musika mota edo abesti entzungo duzu alkate izanez gero? Eta oposizioan geldituz gero?
Gatibu eta Zea Mays taldeak dira, adibidez, gustatzen zaizkidan bi. Alkate ateraz gero bizkaitarren Aske maitte kantua, esaterako, eta beste kasuan Hots abesbatzan abesten dugun Haizeak dakar, Xabier Sarasolarena. Gustukoa dut abesti hori ere.
Ez zara etxetik ateratzen...
Irribarre eta mobil barik.