Gabriela Cendoya Bergaretxek (Donostia, 1958) aspaldikoa du arte-liburuak erosteko zaletasuna, eta orain dela hogei urte inguru, argazki-liburuek harrapatu zuten. Honela kontatu du jaialdiko Itziar Bastarrikak: "Argazki zaharrak baditu, baina argazkilaritza garaikidea da, bereziki, Cendoyak duena. Tresna berria da argazki-liburua, eta gaur egun, oso erabilia eta preziatua. Etxean dituenak eta San Telmo museoari utzi dion funtsa –2300 liburu– zenbatuta, 11.000 lan inguru ditu".
Emakumeek egindakoak
Oñatiko erakusketarako, emakume-argazkilariek egindakoak aukeratu ditu, bereziki, Cendoyak, eta 50 liburu izango direla gaineratu du Bastarrikak: "Munduko toki askotatik ekarritako liburuak dira: japoniarrak, Europako herrialde askotakoak, Espainiakoak, amerikarrak.... Liburuen formatua ere kontuan hartu du Oñatiko bilduma aukeratzeko; hortaz, estilo ezberdinetakoak daude: tapa gogorreko liburuak eta fanzine itxurakoak ere bai".
Orokorrean, argazki-liburua nahiko tresna arrotza da, baita liburutegiko erabiltzaileentzat ere; horregatik, bada, antolatzaileek aukera aprobetxatzeko gonbidapena egin dute: "Sekulako luxua da bilduma ikusi, ukitu eta usaindu ahal izatea".
"Sabotatutako" poztasuna
Erdialdera heldu da laugarren Argi argazki festibala, eta antolatzaileak pozik daude orain arte egindakoarekin; onak dira herritarren partetik, orokorrean, jaso dituzten iritziak: "Kalean ahalik eta gauza gehien jartzeko ahalegina egin dugu aurten, eta herritarren feedback ona jaso dugu. Zoritxarrez, baina, poztasuna zapuztu duten erasoak jaso dituzte hainbat lanek; esaterako, Foruen plazan dagoen Plaketak (Aitziber Orkolaga) bildumak, erakusketa muntatu eta biharamunean. Zoritxarrez, erasoa ez da hor geratu: Ispiluak (Ilunpetan argazki taldea) bildumakoak moztuta, margotuta eta zakarrontzitik gertu ere agertu dira. Min ematen du, baina ilusioarekin egingo ditugu geratzen diren ekintzak; zinekluba eta ikastaroa, besteak beste".