Gipuzkoako Suhiltzaileek bermatuko dute korrikalarien segurtasuna Aloñako Igoeran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko api. 12a, 13:05
Aurkezpenean: antolatzaileak, laguntzaileak eta babesleak.

Aloñako Igoeraren eta Buetraitzeko igoera bertikalaren aurkezpena egin zuten atzo. Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditut; besteak beste, Gipuzkoako Suhiltzaileak egongo dira ibilbidea zaintzen, ofizialki; eta, orain dela gutxi hil den Iñigo Guridi gogoan izateko sari berezia jarriko dute Buetraitzen.

Aloñako Igoerak eta Buetraitzeko Igoera bertikalak izango dituzten xehetasunak aurkeztu dituzte antolatzaileek. Bi ildo nagusi izan dituzte kontuan lasterketak antolatzerakoan: batetik, korrikalarien segurtasuna eta bestetik ingurugiroaren zaintza.

Buetraitzen “suhiltzaile parke bat” jarriko dute: lau suhiltzaile egongo dira lanean –boluntarioez gain– eta soka finkoa jarriko dute

Buetraitzeko gailurreria zaintzen

Hori horrela, aurtengo edizioko berritasuna izango da Gurutze Gorriaz gain, Gipuzkoako suhiltzaileak egongo direla Aloñako Igoerako ibilbidea zaintzen. Buetraitzen “suhiltzaile parke bat” jarriko dute: lau suhiltzaile egongo dira lanean –boluntarioez gain– eta soka finkoa jarriko dute. Euren lana zein izango den azaldu du Sergio Maiztegi suhiltzaileak: “Gure lana ez da bakarrik erreskatea, gure lana da prebentzioa. Horregatik, soka finkoa jarriko dugu Buetraitzeko gailurrerian. Horrez gain, antolatzaileek esan digute beste puntu arriskutsu bat Artzanburuko jaitsiera izango dela: malda gogorra duelako eta lasterketako azkeneko zatia denez korrikalariak nekatuta egoten direlako”, eta gaineratu du euren lana amaitzen dela korrikalari guztiak eta ikusle guztiak jaisten direnean. Egubakoitzeko igoera bertikalean ere izango dira suhiltzaileak, baina “zailtasun handirik ez duen ibilbidea” dela dio Maiztegik.

Gurutze Gorriak izango ditu lanean 40 lagun, bi anbulantzia eta hiru lur orotako ibilgailu

III. Buetraitzeko igoera bertikala

Hirugarrenez egingo dute Buetraitzeko igoera bertikala. Maiatzaren 3an izango da, egubakoitza, 22:00etan hasita. 2,7 kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek, 727ko desnibel positiboarekin. “Kronoigoera izango da, lasterkariek banaka irtengo dute, bata bestearekiko tartetxo batekin”, diote antolatzaileek. 24:00etan izango da sari banaketa.

Iñigo Lariz, Xabi Lete, Montse Bazquez eta Ainhoa Lendinez izango dira lasterketa irabazteko faboritoetako batzuk. 101 lasterkari izango dira guztira; horietatik 9 emakume, eta guztira 30 oñatiar. Debagoiendarrak 58 izango dira.

Autobusa Arantzazura igotzeko

Oñatiko Udalak azaldu du autobusa ipiniko dutela egun horretan Arantzazura igotzeko: “18:30etik 00:30era egongo da zerbitzua”, dio Ana Martin turismo zinegotziak. Iluntzea girotzeko pintxopoteoa egongo da Arantzazun eta talo postua ere jarriko dute.

Domekan, Aloñako igoera

XV. edizio hau ospatzeko, eta antolatzaileek egiten duten lana eskertzeko, urte horietan guztietan lanean ibili diren 29 boluntarioak omenduko dituzte

Aloñako igoerako XV. edizioa izango da aurtengo, eta horregatik berezia izatea nahi dute antolatzaileek. Maiatzaren 5ean, domeka, jokatuko da: 9:00etan irtengo dira korrikalariak Oñatiko plazatik. 22,600 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, 1868 metroko desnibel positiboarekin. “Lehenengo korrikalaria 11:00ak inguruan iritsiko da plazara”, dio Pablo Arejolaleiba antolatzaileak. Fagor Industrialek 300 euroko sari nagusia emango die irabazleei.

XV. edizio hau ospatzeko, eta antolatzaileek egiten duten lana eskertzeko, urte horietan guztietan lanean ibili diren 29 boluntarioak omenduko dituzte.
330 korrikalari irtengo dira, horietatik 71 oñatiarrak, eta oñatiarren artean 8 emakume. Debagoiendarrak 163 izango dira. Oihane Azkorbebeitia, Nerea Amilia, Saioa Arkonada, Walter Becerra, Iñigo Olaberria eta Iban Letamendi izango dira faborito nagusiak.

Horrez gain, Aloñako tontorrean errekorra hausten duenak saria izango du.

Omenaldia eta sari berezia Iñigo Guridiren omenez

Aloñako igoerako antolatzaileek orain dela gutxi hil den Iñigo Guridi gogoan izan nahi dute: “15 urte hauetan Gurutze Gorriarekin egon da korrikalariei laguntzen; eta, horrez gain, anekdota txiki bat dugu berarekin. Buetraitzeko igoera bertikaleko lehenengo edizioan behe-lainoa sartu zen eta galduta ibili ginen antolatzaileok. Iñigo izan zen gu laguntzera etorri zena, eta berari esker iritsi ginen tontorrera”, azaldu du Arejolaleibak. Hori kontuan hartuta eta edizio guztietan izan duen prestutasuna kontuan hartuta omenaldi xume bat egingo zaio Guridiren familiari domekan, lasterketa hasi baino lehen. Eta, Guridi gogoan izateko, sari berezi bat jarriko dute: “Buetraitzetik pasako diren lehenengo gizonezkoak eta emakumezkoak 100 euroko saria jasoko dute”.

Parke naturala: ingurumena zaindu

Ana Martin turismo zinegotziak dio lasterketak balio duela "herriaren izena zabaltzeko". Horrez gain, nabarmendu du lasterketa Aizkorri-Aratz parke naturaletik pasatzen dela eta horregatik garrantzia berezia ematen diotela "ingurumena zaintzeari". Hain zuzen, ingurumenari errespetuagatik eta korrikalarien segurtasuna bermatzeagatik ez dute zabaltzen korrikalari kopurua.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak