"Talde aditua, plurala eta lanerako gogoarekin dagoena" aurkeztu du Oñatiko EH Bilduk

Miren Arregi Amasorrain 2019ko api. 6a, 20:00

Gaur, zapatua, aurkeztu du Oñatiko EH Bilduk udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda. Gaztelekuan egin dute ekitaldia eta bertan izan dira zerrenda kideak, alkategai Izaro Elorza, Gipuzkoako ahaldun nagusigai Juan Karlos Izagirre eta Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarte.

20 laguneko zerrenda aurkeztu du Oñatiko EH Bilduk maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara begira. Izaro Elorza zerrendaburuaren esanetan, "talde aditua, plurala, eta lanerako gogoarekin dagoena" da gaur aurkeztu dutena: "Nik uste oso talde indartsua dugula, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest gaudela".

Hau da hogeiko zerrenda abizenez alfabetikoki ordenatuta:

- Izaro Elorza Arregi (MVE, telekomunikazio, informatika eta ziber-segurtasun enpresako zuzendari teknikoa eta Ortuzabala eta Fiare banku etikoko bazkidea)

- Ander Aberasturi Elkorobarrutia (Ingeniari mekanikoa eta futbol entrenatzailea Aloña Mendin)

- Nerea Agirre Garcia (Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria eta hezkuntza mugimenduko kidea)

- Susana Altuna Ugarte (Oñatiko zinegotzia, Ongizateko Batzordeburua eta abokatua)

- Maite Anton Leno (EITBko publizitate saileko langilea eta Aloñako igoerako antolakuntzako kidea)

- Mertxe Arregi Erostarbe (Jubilatua eta bizitza laborala herriko merkataritzari eskainia)

- Mikel Biain Berraondo (Oñatiko alkatea 2011ti eta Gestio eskolako titulatua eta Enpresagintzan gradua)

- Jose Luis Fernandez Maure (TKNIKAn nazioarteko departamentuko zuzendari izana. 2018tik erretiratua eta filologia anglogermanikoan lizentziatua)

- Amaia Goitia Añorga (Gizarte hezitzailea eta boluntario aktiboa)

- Karmelo Guridi Gallastegi (Fabrikazio mekanikoko diseinatzailea eta auzolanean eta kooperazioan bidelagun)

- Xabier Igartua Loidi (Ingeniari industriala eta automatika-elektronikako ingeniaria. Saskibaloi entrenatzailea zortzi urtetan)

- Axier Iraeta Izagirre (Ingeniaria, 14 urte ULMAn lanean eta ingurumenarekin konprometitua)

- Alaitz Kortabarria Igartua (Mondragon Unibertsitateko doktorea eta operazio logistiko produktiboen kudeaketako arloan irakasle eta ikerlaria)

- Iñaki Olalde Altzelai (Lanbide Heziketako irakaslea Arizmendin eta Bertso Eskolako eta Eltziako kidea)

- Iker Oñate Aiastui (Kazetaria eta herri mugimenduko kidea)

- Aritza Rueda Gonzalez (Diseinatzaile grafikoa eta HOTZ Oñatiko kidea)

- Lurdes Ugarte Alzola (Jubilatu aktiboa eta elkartasun ekimenen bultzatzailea)

- Santi Ugarte Maiztegi (Hezkuntza Saileko Prestakuntza eta Hezkuntzaren Berrikuntzan aholkularia eta Aloña Mendiko Espeleologia Taldeko kidea)

- Bixente Urrutia Elexpuru (Gurdibidetan hazitakoa eta zahartze aktibo solidarioan parte hartzen)

- Anik Zubizarreta Arturo (Psikologian lizentziatua eta Unibertsitateko irakaslea)

Lau zutabe nagusi

Zerrenda aurkezteaz gain, programaren berri ere eman dute ekitaldian. Lau zutabetan oinarrituko den programa. Horietan lehena, pertsona lehenetsiko duen jendartea bultzatzea izango da. Izan ere, adierazi dutenez, EH Bilduren proiektuak pertsona jarriko du erdigunean, "pertsona guztiei bizimodu duin bat izateko politika publikoak aurrera eramatea" izango delarik lehentasuna. Aipatu dituztenen artean daude enplegu duinak eskaintzeko lanean jarraitzea; helduendako osasuna, zaintza, etxebizitza, formazioa eta parte hartze aktiborako eskubideak bermatzea; gazteei bizi proiektu duin bat eraikitzeko baliabideak eskaintzea eta aniztasun funtzionala duten pertsonei dituzten oztopoak murrizten jarraitzea.

Bigarren zutabea, askatasuna ardatz izango duen jendartea bultzatzea izango da. Izaro Elorza alkategaiaren esanetan, "pertsona askez osaturiko Oñati bat eraiki gura" du EH Bilduk, "non pertsona guztien eskubideak eta identitate desberdinak errespetatuak izango diren". Hala, gizon eta emakumeen arteko berdintasun erreala lortzeko neurriak hartuko dituztela iragarri dute, jatorri eta kultura aniztasunaren kudeaketa egokia egingo dutela, herritarren kontzientziazioa eta parte hartze politikoa sustatuko dituztela eta desberdinen arteko elkarbizitzaren alde lan egingo dutela. Gainera, "gatazkari behingoz konponbide bat emateko pausoak ematen" jarraitzearen garrantzia ere nabarmendu dute: "Preso eta iheslarien eskubideen defentsan aurrera egiteko konpromisoarekin jarraituko dugu".

Bestetik, "bere kultura sustatuko duen jendartea" bultzatzeko ere lan egingo dute. Puntu honetan, euskara eta euskal kultura zaindu eta sustatzearen garrantziaz aritu da Elorza: "Auzolana oinarri duen kultur ereduaren alde lan egingo dugu, kulturarako sarbide unibertsala bermatuko dugu, euskara ikasi gura dutenei erraztasunak emango dizkiegu, lantegi eta komertzioetan euskara planak martxan jarriko ditugu, eta migratzaileak euskarara eta euskal kulturara hurbil daitezen egitasmoak zein laguntza ildoak bultzatuko ditugu", adierazi du.

Azkenik, bizi ohitura jasangarrien eta natur baliabideen ustiapen arduratsuaz hitz egin du Elorzak. Hala, mugikortasun jasangarria sustatzen jarraitzea, abeltzain eta nekazarien behar eta arazoei irtenbidea emateko lanean segitzea eta energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien aldeko neurriak hartzea lehentasunezkotzat jo ditu.

Apirilaren 28ra begira

Gaurko ekitaldian, Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriartek ere hartu du parte. Iriartek, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearendako txaloak eskatuaz hasi du bere hitzaldia, aste honetako Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legea moldatzen duen arauari buruzko behin betiko bozketa saioan bizi izandako tentsio handiko uneak tarteko. Horrekin lotuta, Iriartek adierazi du "tinko eutsiko duela EH Bilduk, Espainiako faxismoaren eta ultra eskuinaren aurrean".

EAJ-rendako ere izan du hitzik. Nabarmendu du, EH Bildu obsesio bilakatzen ari zaiola EAJri: "Berdin da zer gertatu, errua beti EH Bildurena da. Eta ezin da ulertu jarrera hori kalkulu elektoralista batetik ez bada" Iriarteren ustez, "EAJ urduri dago, EH Bildu indartzen ari delako".

Azkenik, apirilaren 28an ospatuko diren Espainiako hauteskundeetan "hutsik ez egiteko" eskatu die bertaratuei: "Espainia ez da demokratizatuko. Guk indarra egiten badugu soilik izango da posible Espainia demokratizatzea. Egunero behar ditugun gauzak, izan eskola, izan pentsioak... ez ditugu lortuko ez badugu gaitasun politikorik".

 

Erlazionatuak

Oñatiko EH Bilduren zerrenda aurkezpena

Amaia Txintxurreta Guridi 2019 api 08 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak