VIII. Txinparta Bertsolari Txapelketak baditu sei finalistak

Txinparta Bertso Eskolia 2019ko api. 1a, 14:58
Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa Eltzian (Irudia: Ekain Muñoz)

Lepo bete zen Eltziako Topagunea Oñatiko VIII. Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa jarraitzeko. Zortzi bertsolari aritu ziren nor baino nor gehiago Mirari Sagarzazu gai-jartzailearen gidaritzapean, eta saio bizia eta polita ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Lau lan puntuagarri egin behar izan zituen bertsolari bakoitzak: zortziko handian hiruna bertso ofizioka, zortziko txikian hiruna bertso ofizioka, launaka kopla saioa bertsolari bakoitzak hiru kopla osatu arte eta kartzela, bi puntu erantzunekin eta gai bati bertso bakarra botaz bertsolari bakoitzak erabakitako doinu eta neurrian.

Bizi eta bero ekin zioten bertsolariek saioari. Zortziko handian maila ona egon zen lau ekinaldietan, eta bereziki aipagarria izan zen Urko Arregi eta Egoitz Aizpuruk egindako saioa. Koberturarik ez zegoen aterpetxe batean zegoen bikote baten paperean jarri zituen Sagarzazuk, eta bertsoaldian zehar ohartu ziren elkarrekin hain ondo moldatzen ez zirela.

Zortziko txikian saioaren mailak behera egin zuen, hein handi batean neurriaren zailtasunaren eta aurretik egindako lan oparoen ondorioz. Lau bertsoaldietatik finena Andoni Goitiak eta Aitor Tatiegik osatu zuten saioa izan zen: Andoni egoera txarrei alde ona ateratzen dien pertsona da, eta Aitor, aldiz, egoera onei alde txarra ateratzen diena. Beraien ezkontza egunean kokatu zituzten Sagarzazuk, eta ideia freskoak taularatu zituzten.

Launakako kopla saioa izan zen hurrengo saio puntuagarria. Bi saioetan egon ziren ateraldi politak, eta umoretik goxatu zituzten bertsolariek bertaratutakoen belarriak. Aipagarria izan zen Egoitz Aizpuruk lehenengo ofizioan hartutako papera: herriko alkate izateko euren hautagaitzak aurkezten jarri zituen bertsolariak Sagarzazuk, eta Aizpuruk VOXeko herriko alkategaiaren paperetik osatu zuen bertsoaldia.

Azken saio puntuagarria, aldiz, kartzelakoa izan zen. Launaka egin zuten kartzelarako bidea, eta bi puntu erantzun eta gai bati bertso bakarrarekin osatu zituzten arratsaldeko eginbeharrak. Alor honetan, aipatzekoak izan ziren Urko Arregiren puntu erantzunak, eta baita Andoi Goitia saioaren irabazlearen bakarkako lana ere. Orokorrean maila altua egon zen saio honetan, bertsolariek txapelketa prestatzeko egindako lanaren isla garbi gisa.

Apirilaren 13ko finala

Txapelketaren finala apirilaren 13an izango da Oñatiko Gaztelekuan, 18:00etan. Sei bertsolari hauek arituko dira finalean:

  • Andoni Goitia -> 235,4 puntu (finalerako sailkapen zuzena)
  • Joseba Lasagabaster -> 234,4 puntu (finalerako sailkapen zuzena)
  • Urko Egaña -> 234,4 puntu
  • Urko Arregi -> 231,3 puntu
  • Egoitz Aizpuru -> 226,9 puntu
  • Beñat Alberdi -> 226,3 puntu

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak