Argazkigintza garaikidea gerturatzeko jaialdia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mar. 22a, 17:03
Gallego eta Guerra artistak, erdian, jaialdiaren antolatzaileekin. Argazkia: Argi festibala.

Apirilean egingo dute Argi Festibala, eta berrikuntza askorekin dator; besteak beste, bihar, zapatua, Erika Goyarrolak egingo duen 'Irudi fotografikoa eta afektuak' hitzaldia; Eltzia Topagunean izango da, 12:00etan, eta guztiontzako zabalik dago.

Argazkigintza garaikidea zabaltzea du helburu Oñatiko Ilunpetan argazki taldeak eta Arantzazu Gaur Fundazioak bi urtean behin antolatzen duten Argi Festibalak; laugarrena da aurten, eta apirilaren 5ean hasiko dute.

Egonaldia, hasita

Hazten doa jaialdia, egitarauari eta arloko profesionalen artean duen jarraipenari begiratuta; horren erakusle, Arantzazuko Gandiaga Topagunean egingo duten erakusketarako 164 proposamen jaso zituztela.

Elisa Gallego Picard eta Antonio Guerra argazkilariak aukeratu zituen epaimahaiak; eta egubakoitza ezkero, Arantzazun dira hamabost egunerako. "Arantzazu beti izan da hezkuntzarako eta transmisiorako espazio, eta artisten babesleku, eta ideia hori berreskuratu dugu egonaldiarekin. Bi artista aukeratu ditugu, euren lanak oso proposamen fotografiko ezberdinak direlako, eta egonaldirako baldintza egokiak zituztelako", azaldu du Argi Festibaleko Itziar Bastarrikak.

Apirilaren 12an zabalduko dute, eta, bitartean, Gallegoren eta Guerraren eginbeharrekoa erakusketa diseinatzea izango dela azaldu du: "Aurrelan bat eginda datoz, baina bien artean proposamen bat landu behar dute; bien lanak erakutsiko dituzte, eta, akaso, Arantzazun sortutako lanen bat ere bai".

Herritarrei zabalik

Erakusketako komisario Jon Cazenave izango dute gidari, eta beste bi adituren laguntza ere bai: Juan Pablo Huercanosena eta Erika Goyarrolarena. "Izen handiko artistak dira. Erakusketan laguntzera eta aholkuak ematera datoz, eta guztiontzako zabalik dauden hitzaldi bana ematera ere bai. Gure helburua da herrira ekartzea Arantzazun dagoena, eta herria beste modu batera hurbiltzea Arantzazura".

Aurreko astean, Jorge Oteiza Museoko Fundazioko zuzendariorde Huercanos gonbidatu zuten, eta bihar, zapatua, Eltzia Topagunean, 12:00etan, Erika Goyarrola izango da: "Lau arloren bidez, –familia albuma, gorputz propioa, paisaiaren subjetibizazioa eta keinua– argazkigintzak emozioak adierazteko duen ahalmena aztertuko du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak