Oses eta Etxegarai finalerdietan daude

Amaia Igartua 2019ko mar. 7a, 16:26

Uxue oses eta Maddalen Etxegarai oñatiarrak dira Debagoieneko ordezkari bakarrak une honetan Emakume Master Cup-en. Etzi arratsaldean finalerdiak jokatuko dituzte, Legazpin, eta goizean, elkarren aurka lehiatuko dira lau eta erdiko finalean

Bi partidu jokatuko dituzte etzi oñatiarrek: goizean, hamaiketan, Zizurren elkarren aurka lehiatuko dira, lau eta erdiko finalean. "Nahiago izaten dugu bata bestearen aurka ez jokatu, baina horrela tokatu da oraingoan, eta, egia esan, pozik gaude. Baina aurkari oso gogorra da Uxue", azaldu du Etxegarik. Edonork irabazita ere "pozik" itzuliko dira etxera oñatiarrak. Honela azaldu du Osesek: "Maddalen aurkari bezala oso indartsu ikusten dut. Lasai nago lagun onak garelako, eta, batak edo besteak irabazita, pozik egongo gara iritsi garen lekura iritsi garelako".

Finalerdiak, etzi

Arratsaldean, berriz, bikote gisa jokatuko dute Emakume Master Cup-eko finalerdia, promozio mailan, Nora Mendizabal eta Ainhoa Ruiz de Infante bikotearen aurka, 17:45ean, Legazpin. "Etzi arratsaldeko partiduari begira, aurkariak oso ondo ezagutzen ditugu, eta irabazteko aukerak ditugula uste dugu. Euren aurka jokatu izan dugunez, badakigu ez dela partida erraza izango, oso aurkari gogorrak izango diren zalantzarik ez dugu" , adierazi du Etxegaraik. Lorpen handia izan da oñatiarrentzat Emakume Master Cup leihaketaren finalerdietara iristea. "Denboraldia hasi zenean, ez nuen espero horren urrun iritsiko ginenik. Izan ere, oso aurkari onak eta gogorrak izan ditugu txapelketan zehar. Etzi arratsaldeko partidua zaia ikusten dut, baina Maddalenek eta biok gure esku dagoen guztia egingo dugu horren gertu ikusten dugun final horretara elkarrekin iritsi ahal izateko", aditzera eman du Osesek.

Emakumeak pilotan

Historian zehar, pilota ez da izan soilik gizonezkoen kirola. Hinbat eta hainbat emakume gailendu dira pilotaren modalitate desberdinetan. Azken urteotan, emakume pilotarien kopurua gora egiten ari da; hori dela eta, esku pilotan dagokien mailako txapelketa bat behar dute. Aurrerapauso handiak ematen ari dira gaur egun emakumezkoen pilota sustatzeko helburuarekin; horren adibide da gero eta oihartzun handiagoa izaten ari den Emakume Master Cyp lehiaketa. Etxegarai eta Oses mugak gainditzen ari dira, eta gizonezkoena dirudien kirol horretan dagokien tokia lortzen ari dira pixkanaka.

"Gizonezkoena baino gutxiago ikusten da emakumeen irudia pilotan, baina pixkanaka urrats garrantzitsuak egiten ari gara eta pilotaren munduan guretzat ere toki bat egiten ari gara", adierazi du Osesek. "Emakumeen pilotak gero eta jarraitzaile gehiago dituela uste dut, gauza asko egin dituzte eta egiten ari dira guregatik, emakumeongatik. Euskal Herrian nahikoa emakume daude maila profesionalean jokatzen, eta, hauek zabaldu duten bideari esker, posible dugu guk maila honetan jokatzea", gaineratu du Etxegaraik.

Lehen urratsak

Osesek eta Etxegaraik urte ugari daramatzate pilotan jokatzen, umetatik eutsi zioten kirol horri. Oses pilotan urtebete geroago hasi zen arren, hasi zen unetik elkarrekin jokatu dute biek. Honela azaldu du Etxegarik berak: "7 urterekin hasi nintzen eskola pilotan, eta Uxue ni baino urtebete geroago hasi zen. Hasiera batean, nik bakarrik jokatzen nuen, baina, Uxue jokatzen hasi zen unetik, beti jokatu izan dugu batera eta oso gustura aritzen gara elkarrekin jokatzen".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak