Saif Eldin: "Ez dakit non bukatuko dudan, baina zorte handia izan dut Oñatira iritsita"

Eneko Azurmendi 2019ko mar. 1a, 10:06
Saif Eldin, Larraña Etxearen kanpoaldean.

Sudango Khartum hirian jaiotakoa da Saif Eldin. Herrialdeak bizi duen egoera latzetik ihesi, 2017an iritsi zen Espainiara, eta 2018an Bilbora. Orain, Oñatin dago, Larraña Etxean.

Zein egoera bizi du Sudanek?

Arazoak nituen nire herrialdean, eta irtetea erabaki nuen. Egoera politikoa oso bero dago han, oso giro nahasia da. Presidenteak 30 urte daramatza karguan, eta jendea kalera irteten hasi zen presidente aldaketa eta baita gobernu aldaketa ere eskatzeko. Iparraldeko Sudanen eta Hegoaldeko Sudanen arteko gerra bukatzean, herrialdea bitan banatu zen.

Pertsonalki, zergatik utzi behar izan zenuen Sudan?

Bederatzi urtez Saudi Arabian lanean aritu nintzen, eta Sudanera itzuli nintzenean, proiektu komertzial bat abian jartzea erabaki nuen. Herrialdeak bizi zuen egoera ekonomikoa ez zen batere ona, eta Darfur eskualdean –Sudan mendebaldea– komertzio asko zeudenez, hara joatea erabaki nuen. Hala ere, gobernuaren miliziek atxilotu egin ninduten, eta hilabetez egon nintzen preso. Izan ere, Darfurreko gerra bukatu arren, arazoek jarraitzen dute hango milizien eta Sudango Gobernuaren artean. Tribu arabiarrak eta afrikarrak bereizten dira Sudanen eta aurkakotasun handia dago bien artean. Ni arabiarra naiz, baina jatorri afrikarra daukat. Arrazismo handia dago, eta eguneroko bizitza oso gogorra da Sudanen. Beraz, kalera irtetearekin batera, herrialdea uztea erabaki nuen.

Noiz iritsi zinen hona?

Esan dudan bezala, Saudi Arabian lan egin nuen bederatzi urtez, enpresa batean kontulari gisa. Eta ibiltzen nintzen Frantzian, Alemanian eta abar. Nire pasaporteak bisa ugari ditu, eta horrek lagundu zidan hegazkinez irteteko, eta ez itsasoz. 2017an iritsi nintzen Espainiara, eta 2018ko apirilean Bilbora. Asilo eskaera egitea nahi nuen, baina ez nekien non. Marokoar batzuek gomendatu zidaten Gurutze Gorrira joateko, han lagunduko zidatela. Horixe egin nuen, eta adierazi nien nire herrialdean arazoak nituela eta asilo politikoa eskatzea gura nuela. Lehenik poliziarengana joateko esan zidaten eskaera egitera, eta ondoren CEAR Euskadirekin harremanetan jarri nintzen. CEAR Euskadikoek esan zidaten itxaron egin beharko nuela, errefuxiatu asko zeudelako Bilbon.

Oñatira iritsi aurretik, nola bizi izan zara?

Bilbora iritsi nintzenean, lehenengo egunak oso gogorrak izan ziren. Bakar bakarrik nengoen, eta esan moduan, Gurutze Gorrira joan nintzen. Txartel bat eman zidaten, egunean hiru otordu egiteko aukerarekin, gosaria, bazkaria eta afaria, baina ez zegoen lotarako lekurik. Kalean lo egin behar izan nuen hiru hilabetez, niretzako logela bat zutela esan zidaten arte.

Zer moduz bizi zara Oñatin?

Hemen oso lasaia da bizitza. Hemengo jendea oso adeitsua da eta beti dago prest laguntzeko, eta hemendik eskerrak ematea gustatuko litzaidake guztiei. Zentroan bertan ere oso gustura bizi naiz. Bilbon baino askoz ere hobeto. Ez zait ezer falta hemen.

Zein da zuen egunerokoa hemen?

Zentroak eskaintzen dizkigun aktibitate guztiak bikainak dira. Informatika klaseak jasotzen ditugu, eta gaztelania ikasten gabiltza. Telebista ikusteko gela bat daukagu eta hor gustura egoten gara. Taldea ere badaukagu Herriko Futbol Txapelketan.

Gaztelaniarekin nahiko ondo moldatzen zara. Euskararekin?

Hiru hilabete daramatzat gaztelania ikasten. Lehenik ondo menderatu gura dut gaztelania, eta ondoren euskara ikasteko intentzioa ere badut.

Sudanen gertatzen ari denaren berri baduzu?

Internet ere badugu, eta badut familiarekin harremana. Une honetan ondo daude senideak. Ezkonduta nago, eta 10 urteko alaba bat daukat.

Etorkizunean, ze asmo daukazu?

Nire egoera formalizatzeko agiriak lortu nahi ditut lehenik, eta lana aurkitu. Modu horretan, nire familia hona ekarri gura dut, Sudanen bizi duten egoera ez delako batere erraza. Ez dut nahi hemendik ateratzea, oso gustura nago hemen. Oraingoz, asilo eskaera egina dut; Gobernuaren erantzunaren zain nago, eta ez dakit non bukatuko dudan. Baina zorte handia izan dut Oñatira iristen.

Hemengo etorkinekiko politikak gustuko dituzu?

Albistegietan ikusten dugunez, Europako herrialdeek asko aldatzen dituzte etorkinekiko politikak, etengabe. Baina hemen aurrera eramaten dituzten politikekin oso gustura nago. Beste herrialde batzuekin alderatuta, oso onak dira. Eusko Jaurlaritzak, gaur egun, errefuxiatuei laguntzeko eta babesteko politikak dauzka.

Aurki hauteskundeak izango dira, eta gobernu aldaketarako aukerak daude. Beldur zara?

Bai, noski. Orain ezin naiz nire herrialdera itzuli eta hemengo agiriak lortu nahi ditut. Eta politikak aldatzen badira, ez da ona izango guretzat. Oraingo gobernuak gauza on asko ekarri dizkigu errefuxiatuoi, baina ez dakigu aurrerantzean zer gertatuko den, eta horrek kezka sortzen du.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak