Bost hilabete daramatza martxan Eusko Jaurlaritzak finantzatutako eta CEAR-Euskadik kudeatzen duen Oñatiko Larraña Etxeak. Hori dela eta, orain artekoak emandakoa ebaluatzeaz gain, bisita gidatu bat eskaini diete komunikabideei. "Zentro hau ez da albiste baten arrazoia izan, berri onak ez direlako albiste izaten. Zentro hau, orain arte, jardunbide egokiko gertaera da", azaldu du Jonan Fernandezek, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak. Era berean, "errefuxiatuenganako eta migratzaileenganako elkartasuna bultzatzen duten tokiko erakundeen, boluntariotzaren eta bizilagunen inplikazioa" azpimarratu du, baita "bizilagunen inplikazioa eta sortu den lankidetzarako marko publiko-sozialaren egokitasuna".
Laguntzaren garrantzia
Patricia Barcenak, CEAR-Euskadiko zuzendariak, nabarmendu du "Oñatiko herritarrengandik eta tokiko elkarteetatik jasotako laguntzaren garrantzia". "Larraña Etxea aldi baterako harrera-eredu oso positiboa da. Izan ere, demostratu du nola koordinatu daitezkeen zentroaren lan-dinamikak herriaren, boluntarioen, herritarren plataformen, Udalaren eta beste eragile batzuen inplikazioarekin", zehaztu du.
Harrera zentroko zuzendari Arantza Chaconek, berriz, adierazi du Larraña Etxean elkarrekin bizi direla jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonak, familia-egoera eta adin desberdinak dituztenak. "Hori aberasgarria da elkarrengandik ikasi eta elkarri laguntzeko".
104 pertsona bost hilabetetan
Larraña Etxean orain arte artatutako pertsonen profil nagusia honako hau da: 20-30 urte bitarteko gizona eta Saharaz hegoaldetik etorritakoa –GineaKonakry, Kamerun, Boli Kosta...–. Hala ere, adin txikikoak dituzten hiru familia eta bikote bat ere bizi dira. Kontuan hartu behar da batzuk irten egiten direla eta beste batzuk sartzen joaten direla. Hala, gaur egun, 83 pertsona bizi dira zentroan.
Nazionalitatea | Pertsona kopurua |
Aljeria | 3 |
Burkina Faso | 1 |
Kamerun | 18 |
Boli Kosta | 12 |
El Salvador | 1 |
Gambia | 1 |
Ghana | 2 |
Ginea | 3 |
Ginea-Konakry | 29 |
Liberia | 3 |
Sierra Leona | 1 |
Mali | 10 |
Maroko | 1 |
Nigeria | 1 |
Kongoko Errepublika Demokratikoa | 1 |
Kongoko Errepublika | 1 |
Senegal | 3 |
Sudan | 1 |
Mendebaldeko Sahara | 2 |
Togo | 2 |
Ukrania | 3 |
Venezuela | 5 |