Parkour egiteko elementuak jarriko dituzte Ibarran

Skate gunearen ondoan jarriko dituzten parkour elementuak (Argazkiak: Oñatiko Udala)

Skate pistaren ondoan, MUko enpresagintza fakultatearen aurrean, jarriko dituzte elementuak. Baita ping-pong eta xake mahai bana ere. Gazteekin batera egindako proiektua da.

Parkourra egiteko elementuak jarriko dituzte Ibarra gunean, skate pistaren segidan, MUk enpresagintza fakultatea duen ondoan. Gazteengandik jasotako eskaria izan da eta gazteekin batera landu dute. Adibidez, Gasteizko Lakua auzoan dagoen parkour gunera irteera egin zuten gaztelekutik adibideak eta ereduak hartzeko.

Jarriko dituzten elementuak altuera eta zabalera desberdinetako moduluak dira, parkourrerako egokia den lurzoru  baten gainean. Elementu altuenak, gainera, barra batzuk izango ditu goiko aldean, zintzilikatzeko. Gatikako (Bizkaia) enpresa batek egin du gunearen diseinua eta berak ekarriko eta muntatuko ditu elementuak. Kostua izango da 47.000 euro pasatxokoa.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.