Jaialdia egiteko proposamenarekin joan zitzaien iaz herritar bat udal ordezkariei; ideiarekin bat egin zuten, eta Beratu antolatu zuten, herriko eragileekin elkarlanean. Aurten, baina, Udalak beharrean, Beratu elkarteak antolatu duela dio Kultura zinegotzi Nerea Zubiak: "Lantalde bat sortu zen, eta urtebetean osatzen eta sendotzen joan da, eta elkartea eratu dute orain; ateak zabalik daude interesa duenarentzako".
Jaialdiko ekitaldietan edo aurreko prestaketa lanetan lagundu gura dutenei, Beratujaialdia@ gmail.com helbidera idazteko proposatu die Zubiak: "Lan ezberdinak egoten dira, egunean egin beharrekoak asko, eta aurretik, askotarikoak; bakoitzak ahal duenaren araberako konpromisoak hartzen ditu".
Aterpean eta kalean
Iaz moduan, herriko azpiegiturak eta tokiak balioan jarri nahi dituzte; hori horrela, ekitaldiak Eltzian, gaztelekuan, gaztetxean eta kalean izango direla dio elkarteko Mattin Agirrebengoak: "Eguraldiak baldintzatuta, ezin izan genuen iaz Lazarraga lorategian kontzertua egin, eta aurten Mohama Sazen kontzertua udaletxe ondoko lorategian egiteko apustua egin dugu. Horrez gainera, ahaleginetan ari gara beste ekitaldiren bat ermitaren baten antolatzeko".
Kontzertuak eta gehiago
Andrea Lopetegik, Izotz Barriok eta Usua Garinek zuzendu duten Lou. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentalarekin estreinatuko dute egitaraua. 80ko hamarkadako musikarien egoera erakusten du; bereziki, taularen gainean zeuden emakumeei eta euskaraz abesteko hautua egin zutenei begiratuta. Egileak zinema aretoan izango dira eta emanaldiaren ostean solasaldia egingo dute.
Hurrengo egunean, egubakoitzean, Music Fem hitzaldia izango da toki berean; finkatu gabe dute zein formatutan egingo duten, hizlari bakarrarekin edo gehiagorekin.
Jardunaldia eta tailerrak
Zapatuak du egitarau zabalena. Goizean, Musika eta kazetaritzaren erronka aro digitalean izeneko jardunaldia egingo dute Eltzia eraikinean. "Arloko profesionalak, musika eragileak zein interesa duen edonor etor daiteke. Iaz moduan, word-cafe formatuan egingo dugu. Parte hartzea doakoa da eta martxoaren 15a aurretik eman behar da izena. Dagoeneko hainbat agerkarik etorriko direla esan digute: Entzun.com, Badok.info eta Zarata-Mondosonoro elkartekoek", azaldu du elkarteko kide Arkaitz Villarrek.
Toki berean, baina musikarientzako bakarrik, Ainara LeGardonek autoekoizpen tailerra gidatuko du. "Herriko musikariek lehentasuna dute. Hamabost lagunentzako tokia dago, eta doan da, baina aldez aurretik eman behar da izena. Horrez gain, Beratu Txiki gunea ere izango da Eltzian, goizean, haurrek ere musikarekin goza dezaten".
Usopop jaia
Helburuetako bat izan dute, hasieratik, beste musika jaialdiekin harremanak sendotzea, eta, Villarren esanetan, horretan ari dira: "Domeka arratsaldean egingo dugun Usopop jaia da horren adibide bat; horrez gainera, harremanetan gaude Beasaingo Jazpana Fest-ekoekin eta Gernikako Lekuek jaialdikoekin".
Izar Etxeberria oñatiarrak egin du aurten ere Beratu Jaialdiko kartela.
Egitaraua
MARTXOAK 27, EGUAZTENA
- Zinema emanaldia Musikaren inguruko dokumentala Kultura etxeko zinema aretoan.
MARTXOAK 29, EGUBAKOITZA
- Musik Fem hitzaldia.
- Ainara LeGardon musikariaren kontzertua Antixena gaztetxean, doan.
MARTXOAK 30, ZAPATUA
- Musika eta kazetaritzaren erronkak arlo digitalean jardunaldia: Profesionalendako eta interesa dutenentzako topaketa egingo dute Eltzia eraikinean.
- Musika autoekoizpen tailerra, Ainara LeGardon musikariaren eskutik, Eltzian.
- Beratu Txiki, Haurrentzako gunea, Eltzian.
- Kontzertua: Juan Valls trio eta Madeleine, tokia zehazteko.
- Musika jaialdia: Elena Setien, Vulk eta Atom Rhumba taldeak gaztelekuan gauean.
MARTXOAK 31, DOMEKA
- Kontzertua: Mohama Saz, Lazarraga lorategian, eguerdian.
- Usop jaialdia: Orbel eta Unama taldeak; tokia eta ordua, zehazteko.